BILATU

lunes, 30 de enero de 2017

TRUMP MADARIKATUA



Badakit urrun daukadala eta epe laburrean ez nautela bere erabakiek sare itogarrian harrapatuko. Ezagutzen dut, bai, injerentziatzat har lezaketela Euskal Herritik iparramerikarren testuinguru politikoa kritikatzera jarriko banintz.  Eta kontzientea naiz Osaba Samen hiritarrei eurei dagokiela hautestontzietatik atera zaien presidente berriaren deliberamenduei galga jartzea.

Hala ere, nire ahotsa jaso nahi dut, ozen, Trump madarikatu egiten dudala oihukatuz, berak eta sostengatzen dutenek mundu ero honen etorkizunerako adierazten duten arriskua salatuz. Tristea da egiaztatzea zalantzan jartzen dudala zer nahiago dudan, munduko ordenaren gaineko orain arteko hipokresia ala irabazle berriaren hitz jario hilgarria. Eta duda horretan kulunkan nabilela garbi iruditzen zait hipokritak aintzakotzat har nitzakeela. Horrek batez ere narama Trump madarikatzera.

lunes, 23 de enero de 2017

ITZULPEN BARREGARRIAK



Irakurtzen nuen lehengoan, nori beharrezkoak zaizkion hizkuntza guztietan berba egiteko gauza izango dela gizakia, etorkizun ez hain urrutian, buruan txip antzekoren bat ezarriz gero. Eta sinesten dut iragarpen horretan, gure gorputzak aldaera guztietarako gertu baitago, teknologiak ahalbidetzen dion neurrian. Zer munstro ekoiztuko dugun beste gauza bat da. 

Bien bitartean barre egiteari atxikiko natzaio, batez ere aplikazio informatikoek eskainitako itzulpen xelebreen aurrean, iragan astean euskarazko nire testutxo batek zerbitzatu zidana lekuko. Nik idatzi nuen Facebooken: 

“Ikusi genuen behin Arrasateko adandeyarzatarren zergatikakoa eta saga horren zenbait kideren nondik norakoak azaldu nituen. Gaur, batez ere, Mariano Adan de Yarza Gortazar hirugarren belaunaldiko pertsonaia ekarri nahi dut, agian sendi horretako ezagunena gure artean, herriko alkate izatera heldu baitzen

Eta Facebookek itzuli zidan:
“Lo veo en un anterior adandeyarzatarren de arrasate zergatikakoa y esa saga kideren algunos detalles explicarlo en las rocas. Hoy, sobre todo, Mariano Adán de yarza munibe tercer traer el personaje de nueva generación, tal vez quiero más conocido de la familia de ese país entre nosotros, imposible llegar a tener alcalde 

Bikaina iruditu zait azken esaeraren itzulpena. Herriko alkate izatera heldu baitzen”etik “imposible llegar a tener alcalde”ra iritsi da. Islatuko al du diferentzia horrek euskaldun eta gazteleradunen arteko distantzia gaindiezina? Auskalo! (portzierto, Facebook: auskalo/búscalotik dator. Ez horregatik!)

Argazkiak: sensores.com





lunes, 16 de enero de 2017

ERGELAK EZ



Idatzi nuen aurrekoan itxaropentsua izan behar dela, aurrera egingo bada. Bateon batek esan dit baikorregia naizela, errealitateak ez duela urdin koloreko etorkizunik antzematen ahalbidetzen. Jakina, baina zer irabazten dugu gure burua, denon artean jarri dugun teloi ilunaren kontra behin eta berriz jotzen? 

Dena den, itxaropenak ez du zerikusirik inozo izatearekin, batzuetan inozokeriazko zipriztinekin berriz bataiatu nahi gaituzten arren. Olentzero edo Errege Magoenganako sinpatiak ez digu fantasia errealitaterekin nahasi behar. 

Eta aurrekoa ongi datorkit, mahaira eramaten dizkioten errege-dekretuak EAO (BOE)n sinatzen dituen borboiari buruzko nire iritzietan tinkoagotzeko.  Pertsonaiaren hitzetan, espainiar estatuak krisi ekonomikoa gainditu du eta ekoizpen modeloa aldatu. Horren gisako baieztapenik egiten duenak, bietako bat, gu ergeltzat hartzen gaitu edo ez daki zertan ari den. 

Horren moduko azalpenetan ez naiz ni oinarritzen itxaropentsuak izan behar dugula adierazteko. Itxaropentsuak bai, ergelak ez. Horregatik nik, majestateetatik, errege magoetan bakarrik sinesten dut, behintzat ilusioa ekartzen didate.

Argazkia:Tere Anda

lunes, 9 de enero de 2017

IZAN GAITEZEN ITXAROPENTSUAK



Urte zaharra amaitu berri da eta batzuek bizitza konplikatzera datorkigun arrotz bat balitz bezala begiratzen diote berriari, beste batzuek, aldiz, bat ere axolarik gabe egiten duten bitartean, nahiz eta sakon saia litekeen bakoitzaren bizitza iragarpenetan ez duela bat ere eraginik izango suposatzen baitute. 

Edozein kolektiboren sentsibilitate desberdinek elkarren arteko ondarea aberasten dute beti. Horregatik, aurrera egin ahal izateko ez dago ezer ausartagorik, giza komunitatearen barruko planteamenduetan eman daitekeen diferentzia baino, hura edozein neurrikoa izanik ere. 

Sortzezko ahalmenaren gaineko apustuari lotu behar gatzaizkio etengabe, beti dibertsitatearen bitartez abiatuz. Zorionez, oraindik askeak gara eta egoera emozional horretatik ekin behar diogu gure ingurua hobetzeari, arlo guztietan. Erakundeen gizarte funtzioan sinesten dut eta horien guztien arteko lankidetza ezinbestekotzat daukat eguneko zailtasunei behar bezala erantzuteko. Baina ahaztu gabe erakundeak pertsonok sortu, hazi eta kudeatzen ditugula. Zain dezagun hiritarron arteko kohesioa eta izan gaitezen itxaropentsuak. Izango dena izango da.

Argazkia: Tere Anda

domingo, 1 de enero de 2017

ZENBAT ALDIZ IGO BEHARKO DU?



Berrogei urte eman dira Tellamendiko gurutzeaz lehen aldiz idatzi nuenetik. Bihotzetik eta suminduaren saminetik sortutako hitzak ziren urtarrilaren leheneko arratsalde urruti hartan burura zetozkidanak, eta idazteko makinaren teklek ezin zioten ideietako jario beroari segitu. Gaizkile uniformatu batzuek -inoren aginduetara edo euren kabuz ari ote ziren berdin dio- Tellamendiko tontorrean 1935tik ageri zen askatasunaren sinboloa hankaz gora bota zuten, herri oinaztuaren suspertzeak amorratuta, nonbait. Eta gizartearen indar aldarrikatzaileak ikur hura ostera jaso ondoren, beste askorekin batera, haraino igo nintzen, artean urtebete ez zuen semea motxilan hartuta.

Berrogei urte geroago, urteko azken egunean, Tellamendira
itzuli naiz, besteak beste bi urteko bilobarekin -bere aitak (nire seme hark) motxilan eramanda, herriaren gogoa ezin dela polboraz suntsitu eta aurrera egiteko indarrak bizirik dirauela argi eta garbi lau haizeetara adierazteko.

Gurutzeak bere edertasuna zerakuskigun bitartean,  tontorrera iritsitakoongan emozioak hartzen zuen toki, 1977an bezala. Baina orduan egin ez nuen itauna planteatu nion nire buruari iragan larunbatean: zenbat aldiz igo beharko du nire bilobak Tellamendira, bertan gurutzea jarri zutenen ametsa gauzatu aitzin? Erantzuna, hainbatetan lez, haizean dabil.
Argazkiak: JMVM