BILATU

lunes, 21 de agosto de 2017

NEYMAR ETA IKERKETA GASTUA

Egin al dezake nork nahi duena bere diruarekin? Printzipioz bai, jakina. Horretarako da norberarena. Sakonduz gero galderaren zentzuan aurki genitzake baldintzagaiak hain baieztapen borobila urra lezaketenak. Ikuspuntu etiko eta sozialak erabil litezke diru pribatuari mugak jartzeko eta, beraz, jabetzaren kontzeptua erlatibizatu egin genezake. Etiko al da futbolista batengatik 222 milioi euro ordaintzea? Nik ez daukat erantzunik. Duela urte batzuk galdera berdina egin nuen beste ostikalari batengatik -ahaztu dut izena- 60 milioi pagatu zirenean. Mundua erotu al da? Ez dakit. 

Dakidana da tiroak erratzen ari garela. Neymarren salerosketaren haritik irakurri nuen diru horrekin berrogei maserati, hogeitabost ferrari, zazpi luxuzko itsasontzi… eros litezkeela.  Albistea sinatzen zuenak areagotu egin zuen nire harridura: horiek al dira gizarteari interesatzen zaizkion adibide alderagarriak? Maserati? Yateak? Burutik sano al gaude? Kezkatu beharko gintuzkeena da, esaterako, brasildarraren operazioko sosekin euskal unibertsitate publikoen urteko ikerketa gastuaren halako lau bider finantza litekeela. Polita, ezta?

 

lunes, 14 de agosto de 2017

ASTONAUTA



"Astonauta, tronpeta flauta..." kantatu zuen nire bilobak uztaileko udalekuetako amaiera ekitaldian, beste hamabost bat lagunekin. Kanta eta dantza, neska-mutiko horien gurasoentzat apropos egokitutako emanaldi artistiko batean. Euskal Herriko beste hainbat haurrek egingo zuten bezala, ziur. Diferentzia, ordea, artista txikien jatorrian datza, izan ere nire biloba Alacanteko herrixka batean bizi da, mendi aldean, eta haraino iritsi da astonauta xelebrearen ospea. Ekitaldiko bideoa igorri zidatenean emozionatu egin nintzen, jakina, edozein aitona bere bilobarekin egin daitekeen moduan.

Identitateari buruz filosofatzera jartzen garenean sarri ahazten dugu gauzak uste dugun baino sinpleagoak izaten direla. Nire biloba alakantetarrak esponja balitz bezala xurgatzen ditu nortasuna osatzen doazkion osagaiak, eta hori gutxi bailitzan gauza da bere gelako neska-mutikoak euskal abestiak kanta eta dantzarazten jartzeko. Zein da nire bilobaren identitatea? Nik garbi daukat.

Argazkia:enekantak

lunes, 7 de agosto de 2017

JAIETAKO TRASZENDENTZIA



Idazten nuen lehengoan iraganera igotako bizitzapen helezinei buruz. Errealitatearen hauskortasunak mugatzen du gu bizion ibilaldi lurtarra, eta begi bistakoa da zein samur hauts daitekeen ekilibrioa. Egia esateko, uneoro egiaztatzen dugu denboraren joaneko arrastoa.

Atzo, adibidez,  Urrezko Zeledonen eguna ospatu genuen Gasteizko jaietan. Urteroko zeremonia bertsuarekin ekin genion egitarauari, betiko desagertutako kideak gogoratuz. Izan ziren eta ez daude; bagara eta ez gara egongo. Horrela defini genezake iraungitze datarekin jaiotakoon joko zelaia.
 

Baina, boteprontoko pentsamendua datorkit, zer dela-eta hain traszendente jartzea, baldin eta  errealitatea bizitzaren legea betetzea baino ez bada? Eta gainera, jaietan. Kita, kita...

Argazkia: Gasteiz aldizkaria