BILATU

lunes, 31 de julio de 2017

ITZALA BADOA



Ohiturak eta pertsonak aldatzen goaz, etengabe. Ala pertsonok gara aldatzen direnak? Ez dakit. Agian kolektibitateak ditugu aldakorrak, gizabanakoarengan konstantearen islapena argiagoa baita giza multzoan suma daitekeena baino. Gauza da ia-ia oharkabean goazela aurrera, eta inoiz atzera begira jarriz gero hutsune galanta igartzen dugula gure eta atzean utzitako iraganeko itzalaren artean. 

San Inazio dugu gaur, egun polita zenbait tokitan. Diodan, kako artean, ez dakidala Loiolako josulagunek (Zaitegi zalea, bistan da) jarraitzen ote duten ospatzen konpainiako fundatzailearen jaia. Azpeitian bai, seguru. Eta Kanpazarren ere bai. Baina ez da berdina izango. Zeren aldean berdina? galde lezake norbaitek. Oroimeneko  saninaziyu ala saninazixuekin konparatuta, jakina. Eta hasperentxo batek ihes egiten dit, gero eta urrunago daukadan itzalari begira.

Argazkia: JMVM 

lunes, 24 de julio de 2017

EUSKARAREN URAK



Nire herriko errekek itxura osasuntsua azaltzen dute eta bere uretan arrain eta karramarroak ikus ditzakegu erraz. Hain baieztapen xumea ezingo genuen adierazi duela mende erdi, urak pozoinduta jaisten baitziren eta haien bazterretako bizitza-erakuslerik nabarmenena arratoi erraldoiak genituen. 

Inguruarekiko kontzientziazio sakona eta, batez ere, legeria eta arautegi aproposak izan ziren oinarrizkoak gure ur jarioetako egoera nazkagarriari buelta emateko. Jakina, azpiegiturako inbertsioak ere ezinbestekoak gertatu ziren, dirurik gabe nekez mugi baitaiteke aurrerapen emankorraren makineria. 

Euskararen urak lohituta datoz, eta inbertsio ikaragarriak egin eta egiten ari diren arren gure hizkuntzaren kaleko agerpena gero eta ahulagoa bide da. Itxura guztien arabera, gainera, epe laburreko iragarpenak ez dira itxarongarriak eta ez da goranzko aldaketarik espero euskararen kale erabileran. 

Kontzientziazioa, teorian bederen, ziurtatuta daukagu, gizarte eragile guztien aho beroetan entzun daitekeenez. Beraz? Bada, jaun andreok, euskara bere osotasunean babes lezakeen legeriaren aldaketa geratzen zaigu bakar-bakarrik erresorte pizgarri moduan. Nire herriko errekekin gertatu zen bezala, bere ur bazterretatik gustura pasea gaitezen euskarak iraultza behar du legerian. Horri ekiten ez zaion bitartean uren kalitateak jaisten segituko du.

Argazkia: JMVM

lunes, 17 de julio de 2017

ADINIK HOBERENA



Goizean esnatzen garenean jardunaldi berri bati ekin behar diogula da burura datorkigun pentsamendua eta egutegiak zer iragartzen ote digun geratzen gara ikusmin, batez ere betebehar profesionalak iraganeko istoriotzat ditugunok. 

Datorkigunari begitarte baikorrez itxoin behar zaiola uste dutenetakoa naiz. Ziur nago somatikoki modu positiboz eragiten duela jarrera zabalak gure osasunean, gorputzari ez ezik gogoari ere bestelako suspertze indar argiagoa ahalbidetzen baitio. Ohetik umore aldrebestuz jaikitzea ez da egun berriari eman dakiokeen hasierarik onena. 

Batzuek diote gogoaren umorea adinaren kontua dela, ez dugula berdina gazte deneko ohetik jaiki behar izatea ala zahartzarokoa. Egoera horietako bigarrenetik igarotzen ari naiz ni eta oraingoz bederen umoretsu eta baikor jartzen dut oina lurrean. Izan ere, beti iruditu zait bizitzaren adinik hoberena bizirik egotea dela, eta lerro hauek idazten ari naizenean horrela segitzen dut, bizirik.

Argazkia: Tere Anda

lunes, 10 de julio de 2017

BIZI IZAN EZ BAGENU BEZALA



Gutariko bakoitzaren bizitza-pelikulako sekuentzia guztiak oroimenaren arasetara igarotzen dira, errodatu bezain laster. Eta han, gehienetan, ahanzturaren hautsak estaltzen ditu, oso noizean behin biz daitezkeelarik erresorteren baten inpultsura. Horren ezean han egongo dira, gero eta ezkutuago,  eta gainerako guztiekin batera betiko itzaliko dira gurekin, inork ezin baitu beste inoren oroitzapen-biltegiko giltza erabili. 

Erresorte horietako bat izan dut eskuetan lerro hauek izkiriatzeari ekin aurretik: hamabost urte nitueneko ikas-koaderno bat, nik neronek jasotako matematikako apunteekin beteta. Eta aitortzen dut, garai hartako nire hizki mota ezagutu dudalako onartu behar dudala apunteak nireak zirela, ikasi (?) nitueneko eragin bertsuarekin zeharo zokoratuta gertatu baitziren une haiek oroitzapen-biltegiko arasarik galduenean. Eta nire baitan ez da ezer geratzen koadernoko elipse, bisektriz, logaritmo neperiano, deribada, funtzioen produktu eta abarretik. Bizi izan ez banitu bezala.
 

lunes, 3 de julio de 2017

MUSIKA GIDARIAK



Inoiz idatzi dut gaur eguneko musika profanora burutik bota nintzela artean ume koxkorra nintzela. Bultzagilea Don Frantzisko Arrizabalaga herriko organo jolea izan nuen, tipleen taldea osatzeko lagunoi egin zigun frogako lehen ariketan ahoa ireki bezain laster hautatuen multzotik baztertu baininduen. Eta harrez geroztik, musika sakro eta, dei dezagun, klasikoa nire agendatik kanpo egon ziren, hamarkadatan. 

Duela hogeita bost bat urte deskubritu nuen, ordea, ordura arte nigandik kanpo egondako musika mota hark bibrapen bereziak sor ziezazkidakeela eta, adibidez,  Beethoven Jimmy Cliff-ekin tarteka nezakeela bat ere traumarik gabe.  Hori bai, pop-rock/folk generoetan bidea neuk landu ahal izan nuen bitartean Arrizabalagak eragotzi zidanaz apurtxo bat jakiteko laguntzaren beharrean egon nintzen. Fernando Argenta gertatu zitzaidan aurreneko goi mailako gidaria, bere "Clásicos populares" irratsaioaren bitartez. Lagun zendu hari esker hurreratu nintzen ulertu ezina zitzaidan espazio zirriborrotsura. Orain, berriz, beste bi lagunek luzatzen didate egunero musika klasikoaz gozatzeko esku gidaria, uhin berdintsuetatik: Martin Llade eta Jon Bandres donostiarrak. Hiruek erakutsi didate musika mundua modu globalagoaz disfrutatzen.

Argazkia: Wikipedia