BILATU

maiatza 08, 2017

OPARIRIK EDERRENA



Duela berrogeita bi urte esan izan baligute atzo gurekin egongo zela luze egingo zitzaigun, bat ere zalantzarik gabe. Zorionez, bederatzi hilabeteko itxaronaldia izan da egin behar izan duguna, lasaitasunean eta neurrian eroanda.

Atzo bete ziren berrogeita bi urte ezkondu ginela eta sendi giroan ospatu genuen,  gonbidatu berri batekin. Zorion agurra ekarri nahi izan baligu bezala, larunbat arratsaldean Itsaso biloba agertu zen gure bizitzan. Horixe izan zen jaso genezakeen oparirik ederrena. Eta atzo nire aurrean izan nuenean, nire lehen musuarekin batera ibilaldirik emaritsuena opa nion.

Inon edo inon irakurri dut seme-alaben bidez proiektatzen garela etorkizunerantz. Nik nahiago dut pentsatzea haiek euren proiekzio propioa egiten dutela eta beren aukeran dagoela aita-amen ildotik segitzea ala ez. Horregatik iruditzen zait amama-aititeoi dagokigula bideko martxari ahal den bitartean eustea, inoiz gure ondorengoei baliagarriak gerta ote gatzaizkiekeen. Itsaso, ongi etorri! Lehen Edurne eta Urtziri bezala, zuri ere esaten dizugu prest gaituzula, nahi duzunerako.

Argazkia: JMVM

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina