BILATU

lunes, 29 de mayo de 2017

POLITA IZAN DA



 ASUN, EDUARDO ETA GLORIOSOAREN ZALE JATORREI, AUPA BATEKIN
Iragan ostegunean idatzi nuena gogoratuz ekingo diot gaurkoari. Zinez baieztatzen dut, leinu batekiko identifikazio hurbiletik sortu zitzaidala deskribapena.  Uhin zuri urdinaren erdigunean ikusi nintzen une batez eta adiskide askoren eskutik helduta sentimendu "gloriosoa"z bat egin nuen.

Larunbateko ordu berantiarrek, ordea, euforiaren desaktibazioa ekarri zuten eta pena puntu batek goibeldu zuen nire animoa, baina suspertu egin nintzen ametsak iraun duen bitartean polita izan dela pentsatu bainuen. Eta bizitzak halako azeleragailuak behar dituela egiaztatzeko prest nengokeela iruditu zitzaidan. Horrek ez du adierazi nahi futbol zelaietako bezero bihurtuko naizenik. Baina agian hobeto uler nitzake  astero-astero beren herri sentimenduak estadiumetako harmailetatik haizatzen dituzten zaleak. Bada hori, futbol finalari nire tartetxoa ere eskaini diodala, eta merezi izan du.

Argazkia: Eduardo Valle
 

lunes, 22 de mayo de 2017

BAKARDADEAN BARRENA



Zakur basatien antzera, gizon emakumeok elkarrenganako jarrera izaten dugu, helburu garbi batekin: bizirautea. Gero eta konplikatuagoa zaio pertsonari bere premiak -ez azalekoak bakarrik, denak baizik- asetzea. Biluzik jaiotzen gara baina zirkunstantziek janzkera desberdina diseinatzen digute, giro bakoitzari egokituz. Badira arropak inoiz erantziko ez dituztenak, larru gorritan agertzeari sekulako beldur diote eta. 


Baina bagara inoren gainetik igaro gabe geure buruarekin biluzte osora jolastea osasungarritzat hartzen dugunok. Nik gero eta sendoagoa sentitzen dut horren premia.  Ez zaizkit kredo kolektiboak interesatzen, ez baitidate barne txinparta ahalbidetzen. Ur gutxiko erreka garbiaren alde nago, emari lohiko ibai zabaletik ihes egin.

Horregatik izan ditut atsegin gaztea nintzeneko bakardadeko barne ibilaldi solteak eta heldu aroko barne biltze ugariak. Unetxo batez, behintzat, NI naiz,  zirkunstantzia ororen gainetik. Eta konbentzimendu osoarekin diot, horiexek dira bizitzaren gora behera ertz beterikoei heltzea uzten digutenak. Hotsak,  burrunbak ezin du patxada sortu, buruko mina baino.

Argazkia: JMVM

lunes, 15 de mayo de 2017

ISIDORUS AGRICOLA


Hagiografiak hamaika santuren bizitza zertzeladak hurbildu dizkigu eta biografia guztietan bezala auskalo zer dagoen asmatuta eta zenbat den egia. Frogatzerik ez dagoen guztia erlatibotasunaren erresuman kokatu behar da eta irakurleari dagokio zerekin geratzen den erabakitzea. Nik bederen ideia garbi bat daukat historiako testu guztiei aplikatzeko: oraingo pertsonaien gainean hainbeste erreferentzia irrealak eskaintzen zaizkigunean, atera kontua zein nolako egiatasun gradu edukiko duten orain ehun, berrehun edo mila urteko gizon emakumeen inguruan idatzitakoek.

Nire adineko hainbatek bezala, gustura oroitzen dut nerabezaroko aldizkari bilduma bat: Vidas Ejemplares. Derrigorrezko irakurketakoak ez baziren ere, historia sakratua ikasgairako ederto zetozen osagai gisa. Eta zenbaki guztiak erosten ez genituen arren trukeren bidez heda genezakeen irakur-eremuko mugak.

Urteak igaro dira ordudanik eta irakurle izaten segitzen dut. Baina  irakurgaia ulertzeko modua aldatu egin zait, beste hainbat emoziorekin gertatu zaidan bezalaxe. Gaur San Isidro - Isidorus Agricola- eguna ospatzen du eliza katolikoak. Vidas Ejemplares eskuan hartuta oroitu dut, nekazari madrildarraren bizitzari buruz gehien inpaktatzen ninduena, otoitzen ari zenean aingeruek gidatutako idien istorioa zela. Orain, berriz, polita iruditzen zait, literatura hutsa.

Argazkia: JMVM

lunes, 8 de mayo de 2017

OPARIRIK EDERRENA



Duela berrogeita bi urte esan izan baligute atzo gurekin egongo zela luze egingo zitzaigun, bat ere zalantzarik gabe. Zorionez, bederatzi hilabeteko itxaronaldia izan da egin behar izan duguna, lasaitasunean eta neurrian eroanda.

Atzo bete ziren berrogeita bi urte ezkondu ginela eta sendi giroan ospatu genuen,  gonbidatu berri batekin. Zorion agurra ekarri nahi izan baligu bezala, larunbat arratsaldean Itsaso biloba agertu zen gure bizitzan. Horixe izan zen jaso genezakeen oparirik ederrena. Eta atzo nire aurrean izan nuenean, nire lehen musuarekin batera ibilaldirik emaritsuena opa nion.

Inon edo inon irakurri dut seme-alaben bidez proiektatzen garela etorkizunerantz. Nik nahiago dut pentsatzea haiek euren proiekzio propioa egiten dutela eta beren aukeran dagoela aita-amen ildotik segitzea ala ez. Horregatik iruditzen zait amama-aititeoi dagokigula bideko martxari ahal den bitartean eustea, inoiz gure ondorengoei baliagarriak gerta ote gatzaizkiekeen. Itsaso, ongi etorri! Lehen Edurne eta Urtziri bezala, zuri ere esaten dizugu prest gaituzula, nahi duzunerako.

Argazkia: JMVM