BILATU

lunes, 3 de octubre de 2016

REQUIESCAT IN PACE



Demokraziara 1977n salto egin zuten gainerako guztiak bezain zaharra nauzue, politika partizipatiboan.  Urte hartako ekainean zintzotasun osoarekin hurbildu ginen hautestontzietara, gure botoarekin egoera politikoari bestelako eite, ibilbide eta margoa emango geniolakoan. Ilusioa antzematen genuen alderdietan. Berrogei urteren - bi belaunaldiren- buruan gauzak desberdinak dira. 

Enpresa munduan negozio asko desagertzen da bi belaunalditako tartean. Ilusioz beteriko aitzindari ekintzailearen ondorengoek pikutara bidal dezakete lantegia, utzikeria eta bizioz jositako kudeaketa negargarria tarteko. Zanganoek langile-erleen dinamika bizia gelditzen dute, erreserbetatik geratzen dena ahituz, eta enpresak ateak itxi behar ditu. Bi belaunalditan gai ditugu negozioari requiescat in pace jartzeko. Ez dira gauza egoera kalamitosoari buelta emateko eta langileen artean itxaropen eta ilusiozko hazia lehortu egiten da. 

Politikaren munduan antzerako prozesua ematen delakoan nago. Zanganoek eragotzi egiten dute berrikuntza, euren ezintasunaren erantzukizuna auzokoari leporatzen dioten bitartean. Ez dira konturatzen beraiek direla arazoa. Berrikuntzarik gabe ez dago aurrera egiterik. Eta horren ondorioz hautesleok - hiritar arruntok- gara kaltetuenak, geu baikara katearen begirik ahulena. Euren sistemetan, metodologietan, produktuetan eta - azkenean- langileen ontasunean inbertitzen ez duten enpresak ixtera daude kondenatuta. Berdin-berdina alderdiekin: buru-esklerosiak hondamendirik ikaragarriena zabal dezake bi belaunalditan. Eta orduan alderdiak ateak itxi egin beharko lituzke.


Oharra: azken aditza ahalerazkoan idatzi dudala konturatu da irakurlea, alderdiek ez baitute ixteko borondaterik azaltzen. A! Eta PSOEri eskaini nahi diot aurrekoa, ematen ari diren espektakulu esperpentikoa dela-eta.


Argazkiak: Wikipedia eta Tere Anda













1 comentario: