BILATU

lunes, 27 de abril de 2015

AHTren HIL EZKILAK?



Goiburu arriskutsu samarra aukeratu dudanik ez du inortxok zalantzan jarriko, hil ezkilak jotzeko, aurrenik, gorpua eduki behar baitugu, hots, norbait bizidunen artetik betiko joan deneko egiaztapena eman behar da. Eta hori, noski, ez da oraindik gure mamu ulertezinaren kasuan gertatu, baina badirudi - bidaltzen diren eta iristen zaizkigun seinaleen arabera- AHT larri zauritua dagoela. 

Tren horren kariaz, Euskal Herriko ingurunea garapen eroaren arrastoak pairatu ondoren - itsua ez da bakarrik ikusten ez duena, ikusi nahi ez duena ere baizik- zirkulu politiko "erantzule" batzuetatik "etorkizuneko belaunaldientzako hipoteka gaindiezina"z mintzatzen zaigu. Arranopola! Ez dago gaizki.

AHTren premia euskal gizarteak inoiz aldarrikatu ez zuenean - areago, sektore gehienetan kontra egon ginenean- aurrerantzeko ihes ekonomiko zentzugabetik,  haren zergatikako eta zertarakoa inortxok erakutsi ez zigun egitasmo faraonikoa inposatu zitzaigun. Orain, berriz, gehiegizko gastutzat hartzen ari dira abiadura gero eta motelagoa eramango bide lukeen proiektua. Inoiz ez da berandu, baina... 

Dagoeneko, hipoteka sinatu egin da eta etorkizuneko belaunaldiek jasan egingo dute, kasurik hoberenean inoiz gauzatuko ez den trena bultzatu dutenen interes interesatu ala inozo sinplearen ondorioa. Eta etorriko diren belaunaldi horiek oraingoaren zentzugabetasunaz mintzatuko dira.

AHTri buruz gehiago:










 

lunes, 20 de abril de 2015

RATO CONNECTION

Inork uste al du azken atxiloketak adierazten duela espainiar justizia bere betebeharrarekin konplitzen ari dena? Espainiako gobernutik eta bere sokako medio batzuetatik lapurra komisaldegiratzearen ostean azaldu zaigunaren arabera, justizia denentzat berdina dela frogatu da. Tontotzat hartzen gaituzte. 

Rato Connection dei genezakeenarekin ez da ezer egiaztatu espainiar justiziaren ontasunaz; hori bai, txorizo batzuk inguratuta senti daitezen balio izan du operazio polizialak, epaile eta fiskalaren onespenarekin gauzatua. Justizia operazioaren muturra zein lapikotan egosi den ezagutuko balitz arrastotxoren bat eduki genezake justiziaren helmenari buruz. Baina Raxoyren ezkutuko hautes-plangintza makiavelikoa non amaitzen den jakiterik ez denez gero, auskalo zein inguru teatralean eszenifikatzen ari den oraingo pieza tragiko-dramatikoa. 

Eskularru zuriko zenbait lapurtzar inguruari kezka pittin batekin begiratzen ari zaizkiola egia izan daiteke, batez ere euren harrokeria kirasdunean zaurituta sentitzen direlako, ukiezinezko nolakotasun magikoa bat-batean erori zaienez gero. Baina lehen bezain lapur galantak izaten segituko dute - berezko izaeran baitoa karakteristika hori, DNAko xehetasunen baten antzera- eta etxean lasai asko geratuko zaizkigu, ostutakoa itzuli gabe eta ziega saihestua.
 
Rato - bere estiloko aurreko (eta oraindik aterako diren) gaizkile guztiak bezalatsu- ongarritu dituen sistema politiko eta sozial itsu eta gormutuaren ondorioa da. Horregatik, justiziak bere betekizunarekin konpli dezan hankaz gora jarri beharko litzateke sistema hori sostengatu duen eskema, esfera politiko eta judiziala bestelakotuz. Hau da, Raxoy-Gonzalez-Aznar-Sanchez eta estilo bertsuko piztien egitura zeharo erauzi behar da gure artetik, gizartea berpiztuko bada. Osterantzean Rato eta enparauek euren autokonplazientziatik begiratuko digute, iseka eginez

http://www.fentmuntanyaiformacio.es 




lunes, 13 de abril de 2015

56 URTE EMAN ONDOREN

Iragan urtarrilean berrogeita hamasei urte bete ziren iraultzaileak nagusitu zirela Kuban eta Batista txotxongilo-diktadoreak ospa egin zuenetik. 1959 urruti hartatik bi belaunaldi luze eman dira eta gizarte kubatarra herren ibili da, estatubatuar gobernuak - europar laguntzarekin- ezarritako blokeo ekonomikoa dela eta. 

Mende erdiz irudimenari etengabe eragiten  bizi izan dira uharteko lagunak, gabeziaren kariaz euren gobernu desberdinen plangintza ekonomikoek arrakasta baino porrot gehiago jaso baitute. Eta horrek bere efektu logikoa izan du hiritarrengan,  batez ere itxaropenari bere biziko indarrez eusteko kubatarren ahalmenean.

Orain inflexio puntu baten aurrean geundeke. Obamak eta Raulek bostekoa eman diote elkarri eta iragarpenetarako atea ireki dute. Zer ekarriko digu horrek? Zaila da ezer aurreratzea, baina bi agintarien azalpenei bagagozkie esan liteke  kubatarrak eta baita estatubatuarrak ere irabazle aterako direla, garbi baitago orain arteko katramilarekin biak galtzaile suertatu direla. 

Kubatarrek ikasgai ederra eman diote munduari azken berrogeita hamasei urteotan. Orain, euren duintasunezko zutabetik iparreko auzokoari eskua luzatuz, bi norabidetako jario aberasgarriari eman liezaiokete paso. Erne, tinko eta aurrera.

http://www.fentmuntanyaiformacio.es
Argazkiak: International Press

lunes, 6 de abril de 2015

VATIKANORI ERREGUTUZ



Alberto Onaindia, Iñaki Azpiazu eta beste zenbait apaiz euskaldun euskal elizaren hondamendiaz Vatikano jakin gainean ipintzen aritu ziren 1938 inguruan. Bando faxistak Euskal Herriko eliza goitik behera urratu zuen, eta dozenaka apaiz eta erlijioso erail zituzten euskaldunen defentsan jarduteagatik. Onaindia, Azpiazu eta besteek ezer gutxi lortu zuten Vatikano gorretik, Erromako goi hierarkia faxistekin lerrotu baitzen. 

Duela 55 urte, 1960ko maiatzean, euskal apaizek ostera altxatu zuten euren ahotsa, erregimen frankistaren mehatxupeko euskal gizarte eta elizarentzako askatasuna eskatuz. Elizaren goi agintariei igorritako idazkia pertsona eta kristau bezala sinatzen zuten hiru ehun baino gehiago apaizei eman zitzaien erantzun bakarra jazarpena izan zen. Iluntasunak nagusi izaten segitu zuen. 

Orain berriz ere atera dira hainbat euskal kristau kexu eta kezkati, Arabako gotzainaren aldaketa dela eta. Idazki bat bidali nahi diote Aita Santuari, euskal gotzain batek eduki beharko lituzkeen oinarrizko nolakotasunak gogoraraziz. Hona hemen, labur bilduz, eskaeraren zutabe nagusia:
 
Ebanjelioaren arabera, pobreen eliza xumearen bultzatzaile izatea; ministerio guztietan laikoen parte-hartzea babestea, batez ere emakumeena. Jainkoarenganako bidea eraiki asmoz, herriaren arazoetatik eta ametsetatik eragileak litezkeen lan komunitateen adore emaile izatea; Euskal Herriko gainontzeko gotzainekin batera, Iruñea, Bilbo, Donostia eta Gasteizkoak, denak batera, lan egin dezaten Lurralde Eliztar bereko Euskal Eliza eragile izatea. 

Ulertuko al du Vatikanok, behingoz, euskal elizaren erregua? 

Oharra: idazkiaz bat egi nahi izanez gero, bidali mezu bat, izen eta bi abizenekin: placerugarte@gmail.com


  http://www.fentmuntanyaiformacio.es