BILATU

lunes, 27 de octubre de 2014

LURREKO PARIEKIN (bigarren aukera)



Ahots batek  irakurgaitik atera ninduen arte ez nintzen konturatu autobusak minutu batzuk zeramazkiela Arrasateko geltokian, hain justu nik jaitsi behar nuen tokian. Gasteiztik nentorren liburu baten gaiak zeharo harrapatuta, inoiz lehenago gertatu ez zaidan intentsitatearekin. "Bigarren aukera" du titulua.

Satur Garcia gasteiztarraren autobiografia laburbiltzen duen liburua ez da  literaturaren historiara pasatuko, ezta haren jaioterrian osa litekeenean ere. Baina erdiragarria gertatu zait, gordintasun itzelarekin aurkezten baitio egileak irakurleari bere bizitza latzeko nondik norakoa. 

Jaio  bezain laster arabar hiriburuko moja komentu bateko tornuan abandonatuta, Saturrek infernua ezagutu zuen txiki-txikitatik. Alkoholean busti zuen  gaztaroa, delirium tremenseko aluzinazio itzeletan behin eta berriz eroriz. Bere buruaz beste egiten saiatu zen gaztaroan eta gazte izateari utzita gero ere. Marjinazio krudela pairatu zuen hamarkadetan. Eta bere jatorri ezezagunaren gaineko nortasunik ezak torturatu zuen gupidagabe, oinaze fisikoari mentala gehitzen zitzaiola, ero etxeko ateak sarritan zeharkatzera eraman zuena. 

Hala ere, egun batean Satur Garcia jaiki egin zen eta argi bilakatu zitzaion iluna. Ordudanik gasteiztarrak  muturrean zokoratutako pertsonak ditu gogoan eta helburuan. Horiei atxiki zaie gau eta egun, indarrak ez dituenetik ere atereaz eta Gasteizko gizarte espektrorik txiroenean egundoko laguntza luzatuz.  Hori guztia,  bere ekintzak ozpin tanta batek ere busti gabe, burututako lanaren ordainez hitz mingots gehiago jaso dituen arren eskerronekoak baino. 


Saturrek garbi asko erakutsi digu, Bombay edo Calcutara joan barik ere, gure artean Vicente Ferrer edota Ama Teresaren gisako gizakumeak ari direla jo eta ke, beren herrikide askoren bizitza-duintasuna berreskuratzeko ahaleginetan.

lunes, 20 de octubre de 2014

BLESA, RATO ETA ENPARAUAK


Blesa eta Rato barrez lehertzen ibiliko dira oraindik, epaileak ipinitako fidantza dela eta. Barrez, urtetan hiritarroi sartu diguten ziri txorizeroarengatik ere, eskuin zabalak - PPtik PSOEra- ahalbidetutako bitarteak inork baino hobeto erabiltzen jakin izan dutelako. Eta barrez lurretik zilipurdika, Kode Penalaren arabera, balizko delitu fiskal gehienak preskribitu egin zaizkielako, gainerako  beste iruzur, kalte eta abarrek makula bat ere uzten ez dien bitartean. Deputurrudefoa, aizu


Baina, lasai, lapurren soka ez da horiekin amaituko. Ustelkeria eta lotsagabekeria botere ukiezinean sartuta denean boteretsuek jainkotzat hartzen dute euren burua. Eta beraien arteko lotura-sarean kiratsa darien aintzazko koroiekin azaltzen zaizkigu, morroi burugabe lerdoek txalotzen dieten bitartean.  

Barcenas ahaztu bide dugu eta Urdangarin eta Gurtelekoak... Badirudi kaka batek aurrekoa estaltzen duela eta gizakion oroimena hain laburra den non hats haien pertzepzioa lurrundu egiten zaigun berehala. Agian oroimenaren ezgaitasun horri esker bizi gaitezke,  digestio okerraren ondorioz oka egite amaigabea saihesten baitugu, ito gabe, nahiz eta horrenbeste ustelkeriaren aurrean gorputz txarreko sentsazio oinazeztatuarekin geratzen garen.

Argazkiak: La Vanguardia

lunes, 13 de octubre de 2014

AUKERA ONENA



Berrogei urteko berezko hezkuntza sistematik atera ondoren protagonista euskaldunok erdarara zein nolako erraztasunarekin jotzen dugun kezkatuta idazten zuen lehengoan kazetari gazte batek.  Errealitate gupidagabeak ipini du kazetaria egiaren ildoan: aukera onena ez denean, zertarako erabili hizkuntza barbaroa? 

Aukera onena zelako hautatu zuten erdaldun bat Donostia 2016rako. Eta lasai geratu ziren hori adierazi zutenak, euren hitzen karga ezkorrari bat ere erreparatu gabe. Baina gauza da, lasai egon zitezkeela euren adierazpenetan arrazoi osoa zutelako, japoniera edo swahili bakarrik lekikeen beste edozeinek ere egundoko arrakasta lor bailezake bi urte barruko esperimentu donostiarra burutzean. Azken finean, kudeaketa profesionalak hizkuntzan ez baizik emaitzetan neurtzen du bere helburua. 

Donostia 2016ko zuzendaria bezala, ni ere askoz hobeto moldatzen naiz gazteleraz euskaraz baino. Eta ziur asko, baita gure udal, diputazio eta jaurlaritzetan "elebitasunaren legea" betearazten diguten politiko eta funtzionarioak, erosoago sentitzen baitira espainieraz solasaldirik apaltxoenarekin ere. Eta ez esan ezetz,  hamaika froga jar bainitzake horretaz.   
 
Orduan, zertarako denbora alperrik galdu antzezpen antzuetan? Jo dezagun  inperioko mintzairara eta kito! Ez al litzateke aukera onena izango, batez ere murrizketa ekonomikoek gizarte baliabide minimoak arriskutan jartzen dituzten une hauetan?  

Zerbaitek esaten dit herri honek bere iparra galdu duela. Ala nik okertu nuen norabidea duela berrogeita piko urte, aukera onena galduz?

Argazkiak: Tere Anda

lunes, 6 de octubre de 2014

AMETS EGITEKO KABIA


Erakusketaren ikusegi bat, hondoan Elgea mendizerra

Amesteak lorpen eder asko ahalbidetu dio gizadiari. Utopiaren hurrena izanik, ametsak infiniturako bidea markatzen du bere sorreratik eta ameslariak sorkuntzarako gaitasuna aldarrikatzen du ahaleginean amore eman gabe. 

Baldintza gabeko arrazoia dugu aurrekoa gizadiaren garapen etiko eta estetikoan barrena sendo irauteko. Eta egiaztapen horri amets egiteko kabi egokiaren aukera eskaintzen bazaio infinituaren mugak hurbilagoak azaltzen zaizkigu, eskuragarriagoak, zeruertzeko altueretatik gizon emakumeon neurrietaraino jaitsaraziz. 

Amets-kabi bat bisitatu dut lehengoan. Egia aitortzera, Arantzazuk beti erakarri ditu bere ingurura herri honetako seme-alabak. Bere magia irradiatu du etengabe euskal ibar eta zokoetan  zehar, espiritualitate eta naturaren arteko ezkontza hertsia sorraraziz. Baina bat egite horri edozein motatako ekarpen artistikoaren argia gehitzen zaionean zirrararen eztandak dimentsio erraldoia hartzen du eta giza norbanakoa bere txikitasunaren kontzientzian zutitzen da, azken garaipenaz konbentzituta. 

Amets-kabi izena eman diote Arantzazun arte erakusketa zirraragarri bati. Ederra testuinguruan, bikaina arte eskaintzan. Nork bere baitatik dastatzea merezi duten horietakoa.

Erakusketaren katalogoa
 Oharra: Amets-Kabi. Arte erakusketa. Ricardo Ugarte-Jose Ramon Anda-Jose Zugasti-Iñaki Ruiz de Egino-Iñigo Arregi-Iñaki Olazabal-Koldobika Jauregi-Guillermo Olmo.

Arantzazuko Gandiaga Topagunea. Urriak 19ra arte zabalik.