BILATU

lunes, 29 de septiembre de 2014

IRAILAK 26, DATA MAJIKOA



Duela hamabost urteko irailak 26ak bezala, aurtengoak ere oso astindu gozoa eragin du nire gogoan. Amak munduratu ninduen dataren bezpera  egun esanguratsua bilakatu da nire bizitzan, bizitzak berak lantzean behin eskaintzen dituen ustekabe ulergaitz horiengatik. 1999koan Aramaioko Seme Kuttuna eta aurtengoan Urrezko Zeledoia: bi errekonozimendu bikain, zinez eskertzen ditudanak, biak data berdinean eskuratuak, hamabost urteko tartearekin. 

Lehengo ostiralean Gasteizko Printzipal Antzokian esan nahi nuen eta esan nuenaren arteko eztarri-korapiloak eragotzi zidan ideiak garden transmititzea. Eta haietako funtsezkoena honako hauxe izan zen: berrogeita bi urteko kultura-ibilbide luzea bakarrik burutzea ezina gertatuko zitzaidan behar bezalako laguntzarik gabe, eta inorengandik baldintza gabeko sostengua jaso badut Edurne emaztearengandik izan da. Berari esker iritsi naiz Urrezko Zeledoiaren errekonozimendura. Horregatik berarekin eta aurten jaio zaizkigun bi bilobekin konpartitu nahi izan dut golardoa. Edurne alacantarra eta Urtzi arrasatearra dira gure txikitxoak eta ziur nago eurek ere maite izango dutela herri hau, euren aitonak egin duen bezalaxe.

Duela hamabost urteko izendapen hark lagundu zidan, itxuraz batzuek euren berrogeita hamarretan izaten duten sindromeari aurre egiten, zeharo bizigarria izan zitzaidala azpimarratuz, oso hamarkada emaritsua ahalbidetu baitzidan. Ziur nago oraingo honek ere, lan profesionaletarako erabateko etenarekin, irailak 27tik disfrutatzen ari naizen jubilazio osoko aroan bere eragin positiboa izango duela, eta bihotzeko lanarekin segituko dudala, auskalo noiz arte.



Argazkiak. Ekain

lunes, 22 de septiembre de 2014

BALBINOREN ESKUTIK EGIARANTZ



Balbino aitona

Balbino Garcia de Albizu nafar ameskoetako donostiarra adiskidea dut bere etxeko ateak ireki zizkidanetik. Balbino kultura langile porrokatua da eta bere jatorriaren gaineko historiaz idatzi du zenbait liburutan. Baina Balbino, batez ere egiaren aldarrikapenaren aldeko saiakera sutsuarengatik da ezaguna. Buru belarri ari da aztertzen azken gerra garaiko zenbait erailketa.

Frankistek  Ameskoetan tiroz hildako norbanako askoren gorpuzkinak ikertu dituzte Aranzadi Zientzia Elkartekoek Balbinoren ekimenari esker. Honek Urbasa aldean burututako azterketa sakon eta zorrotzaren bidez jarri ziren aranzaditarrak lanean eta zenbait urteren buruko horien lana bere fruituak ematen ari da.

Argentinako Maiatzeko Plazaren  helburuari nolabaiteko norabide aldaketa eskainiz, eraile faxistek lurreko azaletik 1936an desagerraraziriko  gizon-emakume haien arrastoa segitzen ari da Balbino, biloba erantzulearen legez. Eta duela gutxi Maiatzeko Amonen presidenteak bere biloba aurkitu zuen moduan, Balbinok izen bereko bere aitonaren gorpuzkinekin egin berri du topo. Honatx iragan larunbatean igorri zidan mezua: 

Aranzadik arakatu duen leizea
“A finales de junio me tomaron una muestra para la identificación ADN de los restos humanos de la Sima del Raso de Urbasa (10 cadáveres en total) Me ha llamado por teléfono Lourdes Herrasti para confirmarme que han identificado el cadáver de mi abuelo. El que tenían etiquetado como número 10. El mayor en edad de los diez. De las fotografías que tengo de los restos y de las conversaciones mantenidas con el equipo forense, que dirige Paco Etxeberria, puedo decir lo siguiente: murió en el exterior de la sima y luego, ya cadáver, su cuerpo fue arrojado al interior. De un único disparo de arma corta, en el parietal, probablemente izquierdo. El disparo fue hecho a muy corta distancia y era una bala de calibre 9 mm corto" 

Balbino liburu bat prestatzen ari da sarraski haren gaineko informazio argigarriarekin. Ez dago baieztatzerik kriminal haien delitu osoa azalarazi ahal izango ote duen baina ziur nago Balbino bilobaren gisako pertsonekin askoz hurbilago gaudela egiatik.

Argazkiak: Balbino García de Albizu

lunes, 15 de septiembre de 2014

EMOZIOAK



Emozioz beteriko asteburua izan dut. Polita. Bizitza bizitzeak merezi duela garbi erakusten duten mugarritxoak izan ditut iragan ostiral eta igande bitartean. Gizon-emakumeon ukiezinezko balioen balantzeetan sustrai bereziz kokatzen dira emozioek sortutakoak eta asteburu luzexka honetan egundoko irabaziak lortu ditut, jadanik nire balantze propioan ageri direnak. 

Bere apaltasunean zirrara berezia markatu zidan atzo goizean Ibabeko Kofradiaren jaiak Aramaion. Duela lau ehun bat urtez geroztik egiten den bezala, Ibabeko kofredook eskaintza xarmanta egin genion Ibabeko Andra Mariri, batzuek fedetik gainerakoek usadio arrazionaletik. Zahar eta gazte, emakume eta gizonezkoak berriz bildu ginen ermitako zelaira, auskalo zer den horrek erakarrita.

Larunbatean Edurne nire biloba alacantarrarekin  paseatu ahal izan nuen aurreneko aldiz herriko kaleetatik barrena, bisitan etorri baita. Ziur nago bere bost hilabeteetako inozotasunean ez zuela ibilalditxo horrek nigan pizturiko sentimendua igarri, baina nik gogoan edukiko dut beti. 

 
Punturik zirraratsuena, ordea, ostiral arratsaldean eman zen, arrasatear berri baten jaiotzarekin. Hilabetetako presioak eztanda egin ondoren emozioak gogoa urtarazi zigun eta urduritasuna poztasun irekia bilakatu zitzaigun mutikotxoaren iristearekin batera. Ez dakit ostiralean jupiter eta marte lerrotuta zeuden ala ez lur planetarekin. Zalantzarik gabe, ordea, ortziaren keinu irribarretsua lurralde ospitaleraino heldu zen eta atean jo zuen: Urtzi nauzue. Nire biloba zen, bigarrena zerrendan, eta jadanik adiskide handia dudana.

lunes, 8 de septiembre de 2014

SEXUA POLITIKAN



Frantziako mundu politiko eta, oro har, mundanoa asaldatuta dabil errepublikako presidentearen inguruan sortutako pikor zornetsua dela-eta. Aurreratu behar dut aspaldi galdu nuela "liberté, egalité, fraternité" slogan faltsuaren inbentoreenganako miresmena. Iragan mendeko hirurogeietan, Bidasoako mugaz bestaldera igarotzean harrapatzen gintuen  ustezko askatasunaren uhina hamarkadak dira zeharo ezereztatu zela nire baitan, gezurraren tamainaz jabetuta. 

Baina gatozen oraingo zurrunbilo mediatiko - funtsean, medioetako produktua da- berri honetara. Bere ipurdi interesatuarentzako jesarlekua gaueko konplizitatearekin kentzen zitzaiola ohartu zen emakume mendekatiak liburu batean islatu ditu ohe-kide ohiarenganako gorroto baita interesatuak ere. Ezer berririk ez, orain arte, adarretako mundu koloretsuan: "Por el interes te quiero Andres" 

Hollande presidente sozialista eta Juan Carlos borboi aforatua - monarkikoa bera, itxuraz- maingutasun berdintsuak tiratzen bide ditu: sexua. Eta biek aintzazko arkutik pasatu dute hiritarrenganako eta estatuarenganako begirunea. Antzezlan txarreko protagonistak bailiran, biek airean utzi dituzte beren biluzkeriak, teloia jaso bezain pronto. Kasu honetan, ni ez nintzateke Hollandez fidatuko. Ezta, jakina, Valérie Trierweiler haren maitaleaz ere. 

Istorio berri honetan garbi geratu da berriro, besteak beste, sexuak ez dituela estatu gobernu sistemen artean diferentziak antzematen. Berdin dio zein motakoa den. Betiko egia da erakundeek ez dituztela pertsonak zuzenak ala okerrak egiten. Gu, garen modukoak gara. Eta horrek eragina du gure inguruan.


Argazkiak:  www.daymail.co.uk

lunes, 1 de septiembre de 2014

TURISMOA ETA TURISTAK



Amaitu dira abuztuko oporrak – sekretutxo bat: jubilatuok ez daukagu oporrik- eta asko, iragan berri denari buruzko balantze txiki bat egin gabe ere,  hurrengo denboraldiko programarekin ibiliko dira dagoeneko,  hondartza, mendia, itsasaldi edo emazte/senarraren herrira joango ote diren zehaztu eta finkatu nahian. 

Oporretan azturak aldatzen ditugu eta giroko nolakotasunetara egokitzen gara, azalkiro. Ohiko eszenategia aldatzeak  nolabaiteko kamuflajerako bidea errazten du, gure jokaeretan ere halako itxura aldaketa eraginez. Sarri guk geuk ere ez dugu geure burua ezagutzen, bat-batean erakusten dugun jokaera desitxuroso eta askotan desenfrenatuaren aurrean. 

Dena den, nor beraren oinarrizko heziketaren printzak agerian geratzen dira behin desinhibizioa nagusituz gero, eta garen modukoak sailkatzen gaituzte ikusten gaituztenek. Turistei buruzko inkesta bat iritsi berri zait eta bertan, besteak beste, turisten gaineko tipologia erakusten da. Nola portatzen dira nazionalitate desberdinetako turistak? Hona hemen adibide batzuk: 

Onenak: japoniarrak (ongi hezituak, garbiak) eskandinabiarrak (tokiko kultura eta hizkuntzaren jakin minak) australiarrak (tokiko gastronomiaren zaleak, isilak)
Okerrenak: ingelesak (alkohol zaleak, burrundara handikoak) frantziarrak (harroputzak eta zikinak) errusiarrak (arlote eta aho zabalak) espainiarrak (gaizki hezituak, inoren jabetzaren lagun samarrak hoteletan) 

 Azken finean, nork bere herriko estiloa bera eramaten du berarekin, turistaz mozorroturik bidaiatzen den arren.

Argazkiak: BUFFALOBlogspot, descubriendogranada.com, elbaixemporda.com