BILATU

lunes, 27 de enero de 2014

GU EZ GARA DESBERDINAK



Zenbat eta gorago goazela zabalagoa bilakatzen zaigu ikusmira, xehetasunetan galtzen bada ere. Froga berri bat eskaini diot nire buruari aurreko baieztapenaz, zeren bitartez eta Santiago Carrilloren "Juez y parte. 15 retratos españoles" liburuarekin. Asteburu euritsuko irakurgaia izan dut, liburutegitik berreskuratua, duela hamasei urte irakurri bainuen lehen aldiz. 

Nire talaia partikularra urteen poderioz gorago kokatu zaidan neurrian panorama osoagoa dastatu ahal izan dut eta Carrilloren idazki mamitsuan lehen irakurketa hartan antzeman ez nuen erretratu argiagoa ageri zait. Gil-Robles, Azaña, Prieto, Primo de Rivera, Franco, Largo Caballero eta gerra zibilaren aurreko beste zenbait pertsonaiaren gorabeheretan, orduan nabaritu ez nuen konplizitatea - nork bere interesatuetara alderatua- igarri dut orain. 

Carrilloren liburuko galdera nagusia da -nahiz eta ezkutuan egon- 1936ko gerra ekiditerik izan ote zen. Eta PCEko buruzagiaren erantzuna, liburuaren tituluko epaile eta partea denez gero, airean geratzen da, ziur asko inori interesatzen ez zitzaiolako, Carrillo bera barne, gainera zetorkien sarraskia geraraztea. Espainiar politiko eta militarrek, interesen dantza makabroan itsututa, konfrontazio armatuan zuten amets egiten, arerioa guztiz zanpatzeko.

Ez zitzaien bakea interesatzen, herri xeheak pairatuko baitzuen gerra, eta liskar odoltsurik gabeko eszenategian ez zuten  beraientzat onurarik igartzen. Komunistak, faxistak, sozialistak, monarkiko eta errepublikazaleak, den-denak izan ziren errudunak gerra aurreko lehergailu potentzialaren metxari su emateko orduan.

Oraindik ere, bakoitzak bere txokotxo partikularra zaintzen duela, korapilo etsigarrietan endredatzen dira, balizko oinarrizko konponbideari bizkarra emanez. Eta zipriztin birrintzaile kutsagarriak guganaino iristen dira. Baina ez dezagun pentsa gu diferenteak garenik. Bai zera!

lunes, 20 de enero de 2014

EUSKAL GAMONALAK




Vox-etik hasiko naiz, PPri eskuin aldean atera zaion garun zornetsu berritik, alegia. Abascal/Ortega Lara bikote harrigarriak bitarte zabala ireki diezaioke Raxoyren entramatuari eta honek ohiko bere jarrera atzerakoia areagotu beharko du hurrengo hauteskundeetan eskuin muturreko hautesleria galduko ez badu. Espainiako gehiengoak  garbi markatu du eskuinerako joera, Francoren garaietatik antzematen ez zen indar pilaketa izugarriarekin. Barre egiten dut horietako norbaitek bere buruari " liberal" etiketa jartzen dionean. Hain justu, eskuin kirastuaren erreakzio trogloditikoak ezkutatzeko erabiltzen den izenorde engainagarria.

Baina gaur derrigorrez dagokit Castilla Leongo Gamonal izeneko "galiar auzo"   ausartaren istoriora jotzea, oraindik ere itxaropenerako izpitxoren bat gera lekigukeela nire buruari adierazteko. Zin egiten dut ez nuela oraintsu arte Burgosko Asterix-en berri, baina astebeteko erreboltaren magia gai izan da ustelkeriaren ispilua eta ustelen ipurdia agerian uzteko. Ondorioak berebizikoak izan dira. Eta nota hartu dute beste latitudetan, gurpila geldi ez dadin.

Gure esparru naturalari helduz, zenbat euskal gamonal bizi izan ditugu orain arte eta zenbatetan atera gara garaile? Hori baino garrantzitsuagoa, ordea, gainditzeko geratzen zaizkigunak ez ahaztea da. Frakak bete lan daukagu-eta!

Argazkiak: www.eldiario.es 

lunes, 13 de enero de 2014

ALPERRIK GALDUTAKO DENBORAREN BILA?



"ETAk Euskal Herria hitza erabiltzen du bere aldarrikapenetan. Josemari Velez de Mendizabalek Euskal Herrikotzat dauka bere burua. Ergo, Josemari ETAko militantea da. “Barbara, celarent, darii, ferio” lehen figura silogistikarekin antz gutxi duen horrelako burutazio kaskarra bota lezake espainiar barne ministroak lasai asko... "

Horixe idatzia neukan nire esku-telefonoko blockean lehengo ostiral goizean, kafea hartzera Mariasun laguna agertu zenean. Geroko utzi nuen silogismoaren  amaiera.

Eta ez nuen bukatu. Arratsaldeko gertaerak oso  azkar joan ziren eta notiziak beste eszenategi batean zeuden. ETBko Azpimarra telesaiora jo nuen azken informazioaren bila. Eta Carlton hoteleko prentsaurrekoaren ostean, Jose Luis Lizundiari entzun nion inflexio puntu bat ematen ari zela euskal indar politiko eta sozialen jarrera ikusita. Nik ez dut uste horrenbesterakoa denik: kausa-efektu sakon baten erantzun logikoa bai, baina askoz gehiagorik ez. 

Gero etorri zen larunbatekoa eta amak behin ohartarazi zidana gogoratu nuen: eskutik helduta joateak ez du  luzerako ibilbide bateratua bermatzen. Eraikuntzarako materialetako saltzaileren edo tele aurkezleren izena daukan Jorge Fernandez kabernako ministroari ipurdian ostikada berri bat eman diote Bilbotik. Baina hori gutxietsi gabe hobe genuke larunbateko agerraldiaren  lorratza aprobetxatuz apustu garaiagoetarako adorea erakutsiko bagenu batzuek eta besteok. Hamarkadatan alperrik galdutako denbora berreskuratzen has gintezke. Horrek nire ama zenaren baieztapena baliogabetzea ekar lezakeen arren…

=============..============

lunes, 6 de enero de 2014

FILOSOFIA? ZERTARAKO?



"Baina zer dakite filosofoek bizitzari buruz? Beti filosofatzen ari dira-eta..." Horixe  aurpegiratzen dio "Galderak" deritzan antzezlanaren protagonistak bere buruari, filosofiaren ontasunak zalantzan jarririk. Gutxi gora behera, PPko zenbait politiko burutsuk egin bide dutenaren antzera, filosofia ikasgaia ikasketa plangintzetatik erauzi baitute, pultsuan batere ikararik nabarmendu gabe.

Filosofiak galderak planteatzera gonbidatzen gaitu. Aberastu egiten du  berezko gure izaera zalantza eta kezken bitartez. Eta erantzunik ez duten itaunak behin eta berriz formulatzeak buru-atrofiari bizkar ematea ahalbidetzen du, hainbeste zabor eta merkantilismo itogarriaren zurrunbiloan erdi galduta gabiltzan bitartean.

Giza izpiritua desagerrarazten ari den miseria neoliberalak helburu garbia du: gizartearen kontzientzia askea ezabatzea. Eta horretarako, jakina, arriskutsutzat dituzte pentsatzen laguntzen diguten lanabesak oro. Gure pobretasun kulturalean gero eta pariagoak segi dezagun ahalegin guztiak gutxi dira politiko oro zanpatzaile horientzat. Pobre eta otzanak nahi gaituzte, erreakziorako gaitasunik gabeko panpina tristeak. Eta euren gurutzada partikularrean eskolatik hasteak  bidea errazten die kultura borrero horiei.

Kontzientzia kritiko apur bat geratzen zaigun bitartean, ordea, geuri ere dagokigu kontrako saiakuntzari eragitea. Gizartearen garapena ez datza bakarrik zorioneko I+G+B hirukotean. Makina hutsak izango ez bagara, noski.

Argazkia: Tere Anda