BILATU

lunes, 29 de diciembre de 2014

125 URTE


Perunezarra

Euskaldunon begirunea historian inork bereganatu badu, hori On Joxe Migel izan da. Ziur nago izen horrekin nahikoa dela Ataungo Barandiarani buruz ari naizela ulertzeko. 

Ehun eta hogeita bost urte beteko dira asteazkenean, abenduaren 31,  OJMB munduratu zela Perunezarra baserrian eta ikerlari eta irakasle gisako bere bizitza-ibilbideari erreparatuz jakintsu ataundarraren ikasgaia inoiz baino beharrezkoagoa zaigulakoan nago. Ez daukat horrezaz zalantzarik, Barandiaranen  zientzia-pulpitutik gehien irradiatutakoa humanismoa izan baitzen,  haren diskurtso intelektuala balio ezilkorrarekin kutsatu zuena. 

On Jose Migel, Leze Txikin, 1957an
Arkeologo, antropologo, pentsalari, euskaltzale, apaiz eta herritar konprometitua izatezko nortasuna lagun hurkoarenganako  giza-harremanen premian eraiki zuen On Joxe Migelek eta horrexek ahalbidetu zion  gizartearen errespetu eta miresmena. 

Maitasuna maitatzeagatik gogoratua izatea gustatuko litzaiokeela esan ohi zuen Barandiaranek. Ez zuen beste kalifikaziorik nahi,  funtsean horixe egin baitzuen beti  Gasteizko apaiztegiko ikasgela hotzetan  zientzia eta kultura haziak ereiten  hasi zenetik. Amaren gizabideko iturri agortezinetik ikasitakoaren zipriztinez busti zuen OJMB-k  bere ekarpen zabala. Eta zientzia hutsa maitasunaren izpiekin argitu zuen. Horregatik aldarrikatu behar dugu etengabe zientzialari erraldoi horren irudia.

Argazkiak: Jose Migel Barandiaran Fundazioa 

No hay comentarios:

Publicar un comentario