BILATU

lunes, 25 de noviembre de 2013

ESPAINIAR ARMADAREN ARRISKUA

Orain gertatuko da Francoren armadaz amets egingo dutela espainiarrek, egunekoari ateratzen ari bide zaizkion pitzadura arriskugarria kontuan izanda. Eta susmoek handitara joko balute eta  ejerzito profesionalaren desbideraketa kontrolaezina bihurtuko balitz, nork jarriko lizkioke balak fusilari? 

Espainiar armadaren gaineko txosten bitxiaz abisatu digute komunikabideek eta horregatik dakigu bere baitan akats larriak agertu direla, iraganean bertutezko eredua izan bide zena gizartearen ispilu mimetikoa bilakatuz. Normala, ezta?

Erradikalizatzen ari bide da armada, prozereek diotenez. Erlijio-maximalismo ortodoxoak toki hartu ei du  kolektibo sakrosantu horretan eta soldaduen ohiko heterodoxia askea arriskutan dagoela konturatu dira agintariak. Bueno, heterodoxia idatzi dut baina ez egin kasurik, armadek ez baitute horretarako zirrikiturik uzten gizon-emakumeok armak erabil zitzaketela konturatu ziren urrutiko egunetik. 

Baina gauza da espainiar armada - atzerri legioa bihurtuta- (non geratu da espainiarren bokazio militarista?) "hecho unos zorros" dagoela eta ur egiten ari dela, salbakuntzarako (propio eta arrotza) esperantza handirik gabe. Niri, bere karro, hegazkin eta tramankulu guztiekin hondoratzen bada ere, berdin dit.  Gainerako ejerzito denekin batera.

Argazkia: www.surpluszaragoza.com  

lunes, 18 de noviembre de 2013

LIDERRIK EZEAN, ZER?



Horixe da askok planteatzen dugun galdera eta aitortu behar dut ikaratu egiten naizela balizko erantzunaren oihartzunarekin.  Indar suntsitzaileen baitan erdi galduta, euskal gizarteak ez du bere iparra aurkitzen. Eta atzera-aurrera etengabeetan ez dugu argi ikusten  bidea zein den, urratsak norantz zuzendu behar ditugun eta noizko eduki genezakeen eskuragai esperantzaren izpia. 

Zorioneko gure herri honek ez du, gauden eszenategi labainkorretik  atera gintzakeen liderrik. Politikoki hamaika katramilatan zatituta gaudenez gero ez da proiektu amankomunik inondik antzematen. Eta atzera begira jarriko bagina, inork ezingo luke defendatu duela hogeita hamar urte baino hobeto gaudenik. Aitzitik, nik uste dut atzera egin dugula, nabarmen.

Politikoki karramarroen antzera bide gabiltzalarik, gizarte-liderrei begira  ere ez daukagu zer eginik. Eremu lehor eta antzuetan erein ei dugu aurreko urteetan. Ez dago inor gure gizartearen baitan ilusio pittin bat ere piztu dezakeenik. Gristasun tristean bizi gara, artifizialkerian eraikitzen ditugularik hondarrezko mundu irrazionalak. 

Irakurtzen nuen lehengoan, politiko eta sindikalisteengan federik ez dugulako futbolera jotzen dugula gero eta modu zoroagoan, etsipenetik ihes egin guran, nonbait. Eta jakin badakigu, ongi frogatua ere, zein nolako maila alienagarriraino heldu den futbolaren eskaintza. Franco? Txiki utzi dute oraingoek! Teoria horren arabera, beraz, alienazioaren iturburuan kasta politiko eta sindikala ditugu. Ez da arraroa, batean eta bestean ditugun pertsonaiei erreparatuz.

Lider sozialen premian gaude, egitura kristalizatuetan babestu eta gaztelutu gabe gizartearenganaino mezu eraginkorrak helarazteko gai litezkeen liderrak, alegia. Era guztietako mobilizazio barik, gure utzikeria boluntarioan  itotzeko arriskuan gaude. Begira diezaiogun gure inguruari ...

Argazkia: Tere Anda
 



lunes, 11 de noviembre de 2013

NAFARROAKO MEMORIA HISTORIKOA



Nafarroan ikasgaitxo bat eman digute oraingoan. Aste honetan eztabaidatuko da Nafarroako Parlamentuan Lurraldeko Memoria Historikoaren lege proposamena eta hori aurrerapauso interesgarria da gizarte-normalizazioko bidean. Badakit Nafarroan gauza asko normaldu behar direla hiritar guztien eskubideak maila berdintsura iristeko, baina bidea – inoiz burutuko bada- urratsez urrats egin behar da. 

Azken gerra zibilak memoriaren desoreka erabatekoa ekarri zuen  Euskal Herrira eta gerrako irabazleek euren arauak ezarri zituzten 1939tik, alde batekoak aintzatuz bestekoak fusilatu edota bizirik azpiratzen zituzten bitartean. Diktadurak gau ikaragarri luzea ekarri zuen hainbat eta hainbat jenderentzat. Eta gaur egun ere irabazle haien ondorengo askok ukatu egiten dute errealitatea. Arma hilgarrien bitartezko garaileek oztopatu egiten diete garaituei oroimenezko keinu kontsolagarriaren aukera ere.

Nafarroako Parlamentuan onartuko den legearen arabera, besteak beste, Nafarroako Gobernuak ikur eta sinbologia frankista osoa ezabatu beharko du, eta administrazio publikoek – Gobernua (lehengo Diputazioa) eta udalak- erregimen frankistaren babespeko izendapen, ohorezko titulu eta gainerakoak indargabetu beharko dituzte. Ez da gutxi, alajaina, nafar lurraldeko hainbat erakunde eta giza norbanakoren ideologia kontuan izanda. 

Legearen testuak biltzen dituen aldarrikapen eta betebeharren artean bada xedapen bat, 1936ko gerra zibilean eraildako Foru Diputazioko langile guztien izenak jasoko dituen plakari dagokiona, euskaraz eta gazteleraz idatzita Nafarroako Gobernuaren egungo eraikinean jarriko dena. Bertan, legalitate errepublikarraren defentsan langile haien lana goraipatu beharko da. 


Legea onartzen bada, itxura guztien arabera espainiar eskuineko alderdien kontrako botoarekin egingo da, hain justu, nafar Gobernuaren lema daramatenen oposizioarekin. Nonbaitetik betearaziko beharko zaie, beraz, legearen edukia upenekoei. Osterantzean, iseka izango litzateke nafar gizartearentzat. 
 



 Argazkia: www.panoramio.como




lunes, 4 de noviembre de 2013

MASEN ERREBOLTA


Giza-masa antzua da intelektualki. Bizitza ariketa samurra eta eskubidez betea dela pentsatzen duten gizon emakumeen jarrera masifikazioaren ezinbesteko zutabe eta alienazioaren sostengu nagusia dugu. Masa-kideak ez du aditzen eta pentsaraz liezaiokeen inoren ideiari muzin egiten dio, eroso bizi baita bere iluntasun lo arazlean. Ortodoxian dihardu  diskurtso funts gabetik, giza masaren kidea arrunkeriaren funtzionario itsu boluntarioa baita eta sendabideak orori bizkarra ematen die.

Masa-kidea ez da sekula mobilizatzen, bere joko-estiloan lagunduko dion gairen baten probetxuan izan ezik. Masa-kidea bere oskolean gaztelututa bizi da, inguratzen duen zirkulu itxirako emanda, marra bereizlearen mugez haratagoko bat ere asmorik gabe, ume mimatuaren erreprodukzioa bilakatuz, zuri beltzeko bertsioan. 

Masa-gizakiaren jokaerak eraiki du gizarte monokorde dimentsio bakar eta azalekoa. Eta barne erreakzio pizteko gaitasunik ez duen giza kolektibo mamutua galduta dabil, teknikoki ongi apaindua egon daitekeen arren. 

Baina gizarte-ongizatea aprobetxatu nahi bada  ongizatearen aldeko ekarpenik eskaini gabe... gaizki ari gara, berehala botako baitugu pikutara ongizatea. Masen errebolta beharrezkoa da ongizateari eutsiko bazaio, eta horretarako lehen-lehenik masa-gizakiak auto konbentzimendura heldu behar du. Sarritan, giza norbanakoak hondoa jo behar du masa izatezko nolakotasunari buelta emateko.