BILATU

lunes, 28 de octubre de 2013

EUSKARA INBASIO BERRIAREN AURREAN

Inbasio desberdinek ez dute gure hizkuntza menderatu ahal izan. Orain arte, behintzat. Inbasio berriak, ordea, marka guztiak hauts ditzake eta euskarak garesti ordain lezake munduko desoreka.

Atzera begira jartzen bagara, oraintsu arteko giza etorkin diferenteen agerpenek gure hizkuntzaren osasunean eragina izan badute ere, bizi ari garen fenomeno berriak zalantza kezkagarrietarako ireki du bidea, aurrekoekin parekorik ez duena.

Erromatarrak, musulmanak, frankoak, gaztelauak eta gainerako giza saldo okupatzaileak gurera heldu ziren arren euskarak bizirik irauteko gaitasuna erakutsi du eta egunera arte eri baina osasuntsu  iritsi dela esan daiteke. Ezin gara kexatu, eta euskaldunok historian zailtasunak gainditzen jakin izan dugula azpimarratu behar da.

Baina oraingo panoramarekin? Euskara ahoan ez ezik odolean ere daramagunoi kalera irtetea zigorraren hurrena bihurtu zaigu, eta euskarari bat-batean hazi zaizkion arazoak behar bezala sailkatzeko gaitasunik gabe geratu gara. Zenbat hizkuntza desberdin entzuten dugu gure plaza, anbulatorio, denda, gizarte zerbitzutegi eta autobusetan? Nola digerituko du euskarak hizkuntza horietatik datorkion deskonpentsazioa? Nola interaktuatuko du euskaldunak hainbeste hizkuntza arrotzen artean?  

Hamaika burutazio etsigarritarako  sua piztu da euskaldun militanteon artean. Euskararen osasuna kalean neurtzen da, gizartearen erabilpen askeko erakusleetan. Eta nire dardararen jatorria erakusle horien gero eta indize baxuagoetan datzala konturatu naiz. Inbasio berriak, hizkuntza-jatorriari dagokionez zabalen eta bortitzena, euskara isilarazten lagun lezake, samur.

Inmigrazioari mugak ixterik ez dagoenez gero, orain arte erabili ez diren indar ziklopeoak intsuflatu beharko zaizkio euskarari, gure ahoetatik desager ez dadin eta hiritar berrienetan entzun dezagun. Eta hori ez da lortuko erdipurdiko neurri epelekin. Euskara da herri honen hizkuntza eta horregatik zaindu behar da bitarteko zilegi guztiekin, aldeko legeak barne. Euskaldunok ere zuzenbideko babesaren  eskubidea dugu-eta.

Argazkiak:
a) www.esmateria.com 
b) Tere Anda 

lunes, 21 de octubre de 2013

CUANDO LA MALDAD GOLPEA



Ostera ere buru-lapikoak eztanda egin bide dio Aznarri, goiko titulua daraman liburuaren aurkezpenean bota dizkigun ostikadak direla-eta. Bai jaun andreok, elkarbizitzan aurrera egin dezagun, nonbait, itzela izan da espainiar presidente ohiak zerbitzatu digun diskurtsoa, ohikoa duen estilo txuleskoarekin.

Berriz ere geratu da frogatua espainiar eskuin muturraren ordezkaririk zintzoen eta adierazgarriena dugun espezimen honekin burugabekeriaren mugak ad infinitum-eraino zabal daitezkeela. Muturretatik besterik ondorioztatu ezin daitekeenez, zentzuzko jokaerak hauts bihurtu ditu Aznar beldurgarriak. 

Aipatu liburua San Gil andre txit argiak idatzi duenez gero txiste erreza egin daiteke Aznarrek berriz ere gil-i-polladak esan dituela adieraziz. Barregarria litzateke, fenomeno aznarianoaren arriskua ez bagenu hain egiazkoa edukiko. Aznarrek bere ahalegin etengabeaz ongarritzen ditu eskuinaren baratzeko bazterrak eta ongi diseinatutako metodologia neo-faxista nardagarriak lagun gizartearen baitan beldurraren hazia ereiten du, lotsagabeki.

Francoren hitzak zetozkidan gogora Aznarri entzuten nionean "nazio politika bateratua eraiki behar dugu, gure askatasuna zapuztu nahi dutenei aurre egiteko" Eta espainiar guztien bat egiteari dei eginez "Espainiaren errealitate nazionaletik itxuraldaketa historikoen kontra borrokatuko dugu, espainiar izatezko harrotasunak  bultzatuta" 

Zer esango dizuet, lagunok! Gaiztakeriak kolpatzen duenean ... erresistentzia dagokigu, nazionalismo oro suntsitzaileen kontra.

Argazkia: fundación villacisneros.com

 

lunes, 14 de octubre de 2013

AHULAK … HILAK



UCEMen zenbait produktu

"Exangües" (1) da arrasatear kooperatiben sortzaileetariko batek bere liburuan darabilen hitza, herriko zehar-bidea egiten ari zirenean bertatik adierazia,  bere oinetan zeuzkan Union Cerrajeraren eraikin industrialei erreparatuz.  Arrasateko enpresarik enblematikoaren tailerrak hilda zeuden, bai, eta hortik lagunaren espresioa, iraganeko bere "etxea"ren egoera kalamitosoaz jabetuta.

Enpresak jaiotzen diren unean bertan hasten dira hiltzen. Erakunde biziak ditugu, baldintza ekonomiko, sozial, kultural, erlijioso eta nahi bestekoen artean sortuak, eta horrexegatik hil behar dute. Eta axiomak ez dira frogatu behar. Esan nahi dut  hori ikusten ez duena itsu izatea nahiago duelako dela.

Enpresaren babespera biltzen garenok normalean itsutu egiten gara instantean, haren erosotasunean abandonatuta. Ugazabetatik hasita -  bista gaitasun gehien galtzen dutenak- azken morroiarenganaino halako utzikeria labainkorretik barrena abiatzen gara, amildegira iritsi arte. Horra ailegatu bezain laster hasten dira, ordea, kontsolatzerik gabeko aieneak. 



ULGORen lehen berogailua

Bota dezagun begiradatxo bat ingurura. Enpresa handi, osasuntsu eta eternalak bide ziren asko eta asko -Babcock, Palmera, UCEM, Bianchi, Aristrain, Barreiros ... Nokia!! ... - iraganaren museoko piezak izatera pasatu dira. Ergelak al genituen euren arduradunak? Ez, halabeharrez. 

Enpresaren jaiotza eta hazkundearekin pozten garen neurri eta indar berdinaz egon beharko genuke gertu haren hil ezkilak entzuteko. Ez gintuzkete harritu beharko.  Tragedia, benetakoa, enpresa horretako giza norbanakook unetik unera amildegitik hurbilago gaudela ikusi nahi ez dugunean gertatzen da. Edo ikusi arren, iragarpen faltsuak  behin eta berriz egiten direnean. Gaur arte naturak ez digu eternaltasunaren adibiderik eskaini eta ez dirudi ebidentzia aldatzeko esperantzan egon gaitezkeenik.

Hilkorra izanda eta  bere muinari erantzukizunez heltzen badio ere, enpresak ahalko duen bakarra bere iraupenaren luzapen mugatua da. Betierekotasunean pentsatu nahi badu, ordea, eta horren lorpenari buru belarri heltzen dionaren hipotesian,   etengabeko egokitzapenak - kasurik hoberenean- enpresaren helburua beraren aldaketa ekarriko du. Hau da, itxura eta muina-aldakuntza zeharokoa izan beharko du, enpresa iraganeko museora igaroko ez bada. Eta goitik beherako bestelakotzea ezina ez bada ere, nik behintzat ez dut enpresa munduan orain arte ezagutu.

(1) Agotado, muerto

Argazkiak:
a) Tere Anda
b) www.euskomedia.org 

lunes, 7 de octubre de 2013

JANIS ETA EDITH



Janis Joplin

Biziki maite dut hirurogeietako musika. Ez dago egunik entzuten ez dudana. Denetariko interprete, sortzaile eta erritmoak ditut  gustukoak  eta gai naiz garai hartako musikaz teorizatzen ordutan aritzeko, ziur asko Joaquin Luqui  adituari Iruñean argitaratzen zen Disco Express aldizkari espezializatuan irakurtzen hasi nintzaionetik. Urte batzuk eman dira ordudanik! 

Gaur iluntzean bi emakume izan ditut aurrez aurre nire kontzertu pertsonalean: Janis Joplin eta Edith Piaf. Ozeano batek berezitutako estilo eta abeslariak,  baina aldi berean ozeano zabal horrek modu bertsuan zipriztindurikoak ditugu biak. Oinazean, etsipenean, autosuntsiketaren lasterketa eroan zut, bi emakumeek arte ipini zioten beren ekarpenari. Horregatik dira artista.

Edith Piaf
Janisek dioenean "Worked hard all my lifetime, no help from my friends. So oh lord, won't you buy me a Mercedes Benz" eta Piafek "Oui, tous ceux qui croient qu’ils s’aiment; Ne pourront jamais pleurer… Dans l’amour, il faut des larmes; Dans l’amour, il faut donner…" baieztatzean antzerako sentimenduak azalerazten ari dira. Inguratzen zutenaz nazkatuta, gehiegikerietara abandonatuta, euren mundu amestura hegaz egitea ahalbidetzen zien  artifizialkerietara engantxatuta, irtenbiderako bat ere gogorik gabe ari ziren. 

Artearen zeruan dirdira bereziarekin argitzeko ilusioarekin ekin zioten  eta biak betierekotu zaizkigu izar guztien gainetik. Maitasunean eman egin behar da, dio Piafek, eta Joplinen  arabera adiskideen laguntza ezinbestekoa da bakardadean gal ez gaitezen. Azkenik, gogo-umezurtza  da mingarriena eta bi artistek euren baitan frogatu zuten hutsunea.

Argazkiak: wikipedia