BILATU

lunes, 30 de septiembre de 2013

SANMIGELETAN




Ez hain aspaldi nekazal urteari amaiera ematen zitzaion San Migel egunean. Eta naturaren eraginpeko beste aro berri bati ekiten zioten nekazariek, aldi berriak ekarriko zizkien ezustekoen zain, kezkaz beterik. 

Baserritarrak zerura begira bizi zirela esan ohi da, beti fenomeno atmosferikoen preso, ezer gutxi egin zezaketelarik haien presioa gainditzeko. Galdera ikurrarekin jaikitzen ziren baserritarrak eta zalantza edo kezka berdintsuarekin loak hartzen zituen gauero, bizitza-gurpilaren etengabeko martxa neketsutik askatzeko esperantza gutxirekin.

Aurtengo sanmigeletan  puntua jarri zaie azken hilabeteotan gu askoren baitan izandako galdera batzuei eta berdin segitu arren berrietarako atea ere ireki da. Horrela, Sanmigeletan ezagutu dugu datorren urtean enpleguaren joerak maila ez hain negatiboetara joko ei duela (Guindos dixit) Jakin dugu ere ETAk nazio errekontziliaziora (?) deitzen duela bere komunikatuan, ezker eta eskuineko botere politikoek erakundeari jaramonik eskaintzen ez dioten testuinguruan plazaratua. Atzo, San Migel egun aintzatsuan bertan, EAJk “I´m basque” aldarrikatu zuen, amaitzen ari zitzaigun nekazal urtean jelkide askok eta askok “euskalduna naiz” zer den artean ulertzen ez zuten bitartean. Halaber, adierazi zaigu Kataluniako Legebiltzarrak hiru hilabeteko epea eman diola Madrileko gobernuari, erabakitzeko ahalmenaren inguruan elkarrizketa ireki eta ondorengo deliberamendua gauza dadin. Sanmigeletan ere harridura handiz jabetu gara Obamak begi onez ikusten duela Iran guztiz diabolikoarenganako hurbilketa prozesua. 

Eguratsak  ekarriko digunaren zain geratzen gara 2014ko nekazal urte berriari ekiten diogunean. Eta nekazariak bezala, kezkati oheratzen jarraituko dugu, behintzat hurbilen geratzen zaizkigun gaiek egun berrian zer nolako itxura hartzen duten itaungile. Hamabi hilabeteko gurpila zen nekazal urtea. Zalantza eta galdera ikurrez betea. Nekazari (bihurtu) gara denok. 


Argazkiak: 
a) San Migel: wikipedia
b) JMVM 

lunes, 23 de septiembre de 2013

PENTSIOAK KOLOKAN



El Pais digitaleko txokotxo batean daukagun lanabes ñimiño batek  ez-sosegua ekarri du nigana eta, suposatzen dut, nire egoeran dauden askorengana. Urtetako gure kotizazioari esker kobratzen ari garenoi - hots, jubilatuta gaudenoi- pentsioa jaitsi nahi  digu gobernu espainiarrak, diru-kontuak koadra dakizkion. Bakoitzari legokiokeen jaitsiera kalkulatzen du El Paiseko  lanabesak eta emaitzaz jabetu bezain laster  bernak dardaran jartzen zaizkio ariketa eskatu duenari. Zenbat galtzen dugun agerian uzten du  kalkulagailuak hoztasun ez humanoarekin, eta automatikoki gutariko bakoitzaren baitan amorru humanoak hartzen  du toki, abiadura esponentzialean. 

Aurrekontuak parekatzeko, NIREA den diruarekin jokatzen ari dira ministerioan eroso eserita dauden madarikatu horiek! NIREA, bai, eta hamarkadetan hilero-hilero madarikatu horiek errege bezala bizi daitezen gure kuota ordaindu dugun GUZTIONENA. Nik, adibide sinplea, berrogei urtetik gorako kotizaziotik igaro behar izan dut, nirea dena erreklamatu ahal izateko. Eta funts hori nire eskubidea da, eta inondik ere ez mameluko lotsagabe horiek euren esku zikinak jartzeko poltsa.

Kalera atera beharko gara pentsiodunak, gurea dena ez dezatela uki ozen adierazteko. Gure eskubide horri muzin eginez gero gure ahultasuna areagotuko litzateke eta ni konbentzituta nago jende arruntak  uste baino ahalmen gehiago dugula. Aurrera, bada, gurea defendatzera!

lunes, 16 de septiembre de 2013

BURUJABETZA KULTURALIK EZEAN…



Igaro zen Diadako katalanen kale-erakuspena eta aitortu behar dut egun hartan inbidiak gainezka egin zidala. Jardunaldi arrakastatsuak oihartzuna izan du mundu osoan, publizitate kanpainarik ausartuenak erdietsiko ez zituen mailetara iritsiz eta Katalunia mapan kokatu da ostera, nazio bezala eta estatu propio baten aldarrikatzaile konprometitu  gisa. Nola ez sentitu inbidiarik espektakulu horren aurrean?

Raxoyk eta, oro har, "Espainia bata eta zatiezina"k katalanen subiranotasuneko prozesuari ipiniko dizkioten era guztietako eragozpenak handiak izango diren arren, Kataluniako Gobernuaren eta hango alderdi politiko ia gehienen ekimenez kale erakuspen magistralean azaldutako indarra hortxe dago eta burujabetzaren aldeko karreran mugarri dezente gainditu dituzte, atzera egiterik nekez izango duena.

Guk, bitartean, noraezean segitzen dugu, labirintoan galduta bagenbiltza bezala. Euskaldunak ez gaude prestatuta  jauzi kualitatiboa emateko. Mende erdi bat alperrik galdu dugu geure burua definitu gabe eta oraindik ez daukagu garbi zer garen eta nora nahi dugun joan. Gauza jakina da Franco jeneralak beldur gehiago ziela katalanei euskaldunoi baino. Ez, hain zuzen, gehiago direlako - hori egia  bada ere- baizik eta ziur zegoelako balizko arriskua guk gure arteko liskar antzuetan ezabatuko geniela.  Ez zebilen oker diktadorea.

Egungo baldintza objektiboei erreparatuz,  euskaldunon burujabetza politikorako lasterketa galduta daukagu abiapuntutik  atera baino lehen. Areago: oraingoz bederen, norgehiagoketarako dortsalak ere ez zaizkigu  banatuko. Eta egiaztapen samin horren ondoan beste baieztapen batek arriskutan jartzen du etsipenari aurre egiteko nire ahalmena: burujabetza kulturalik ezean jai du Euskal Herriak. Ad calendas graecas?



Argazkia: wikipedia

lunes, 9 de septiembre de 2013

JAINKOAK BEGI URRATUAK DITU



Badakit oso samurra dela epaiaren osteko komentarioa. "A huevo" ipini dit Blanco jaunak gaurko hausnarketatxoa eta eskerrak ez ezik -lerro hauek idazteko eman didan aukerarengatik-  nire doluminak ere igortzen dizkiot, 2020ko olinpiadak Madrilen izango ez direlako.

Asto aho arin eta alua! Horixe pentsatu nuen larunbat goizean, Espainiako Batzorde Olinpikoaren lehendakariaz bere hitzak prentsan irakurri nituenean, Buenos Aireseko erabakia baino ordu batzuk lehenago: "Dios va con Madrid 2020"  Ba, Blanco jaun txit gorena: eskumikuko prozesua ireki beharko lizuke Vaticanoak.  Eta zure aldetik dimisioa eman beharko litzatekeelakoan nago, ezgai mortala izan behar baituzu, Jainkoaren laguntza eduki arren jokoen egoitza Madrilera ez ekartzeko.
 
Ongi pentsatua, presidente gorena, zure hitz horiek justu eragin kontrakoa izan zutela iruditzen zait, asto purtzil akaberakoa izan behar baita Jainkoa nardatzeko halako espainiarkeria ozpin eta okagarriarekin.

Blanco kañi eta ole: beste behin utzi du garbi Jainkoak zeruko gaiak eta lurrekoak ezin direla nahastu.  Eta zuk ez duzu ezer frogatu, txorimalo handi eta barregarria zarela baino, ergelen txapeldun olinpikoa izateaz gain. Jainkoak begi urratuak bide ditu.