BILATU

lunes, 25 de marzo de 2013

GARAI ZAILAK ELIZA KATOLIKOARENTZAT



Erramu Igandea igaro ondoren Aste Santuan sartuta gaude, bete-betean. Ireki da mundu katolikoaren egutegiko datarik adierazgarrienen atea eta askok tinko eutsiko diote euren sinesmenaren aginduak ospatzeari. Beste hainbatek, ordea, egutegiak aisiarako ahalbideratutako aukera soiltzat hartuko dituzte egun hauek. 

Eliza eta gizarte zibilaren arteko harremanak errealitate hertsiko erakusle indartsua ezagutu genuenok bakarrik esan dezakegu nola aldatu den aste santuaren adierazpena. Gainerako erakuspen erlijiosoen esanahia ezabatzear jartzeraino iritsi den bezalaxe, aste santua, oro har, opor aldi hutsa izatera igaro da. 

Ez da egia sinesmenaren amaiera  heltzear dagoenik gizartera.  Baina errealitatea dugu pentsamendu desakralizatuak toki zabala hartu duela gure artean, inoizko indarrik nabarmenarekin. Katolizismoak ez ditu bere piezak egoki mugitu eta partidak behin eta berriz galdu ditu azken mende erdian. Vaticano II. Kontzilioa aurrera pausua zitekeela uste izan zena aurki lurperatu zuten geroagoko Vaticanoko agintariek eta eliztarren etsipenak elizari bizkarra ematea ekarri zuen. 

Sinesmena (izpiritualismoa) -edo dena delakoa- barrundik eta ezelako kanpo eraginik gabe bizi behar da, egiazkoa izango bada. Erlijioak lanabes gisa erabil daitezke, helbururako plataforma lagungarri bezala.  Gertatzen dena da izpiritualitateak ez duela erlijioen beharrik. Eta desakralizazioak eremu zabalak irabazi baditu ere, horrek ez du esan nahi gizarteak introspekziorako gaitasuna galdu duenik. Egia da, dena den, kanpo faktore desbideragarri gehiegi ditugula inguruan,  barne hausnarketa oztopatzen dutenak. Eta elementu pizgarriren baten premia gero eta nabariagoa da, bide egokiaren bila lagun diezagun.   

 Giza-norbanakoaren izpiritualitatea erlijio guztien gainetik egon daitekeen arren, ez da egia txikiagoa erlijioaren egiturak mesedea ekar diezaiokeela gogoarentzako elikadura aproposaren bila dabilenari. Egun, ordea, oso urruti dago eliza katolikoa babes hori eskaini ahal izatetik. Lortuko al du etxe komuneko doktrina berri bat bilbatzea?

lunes, 18 de marzo de 2013

EUSKONEWS IRAKURLEEI DEIKA


Interneteko euskal aldizkari beteranora ere heldu da krisi ekonomikoa eta ondorioak sufritu ditu. Euskonewsi nagokio, noski, duela hamabost urte lehen agerpena egin  eta ordudanik euskal kulturaren lagunengana astero iritsi dena.  Aurrerantzean, hamabostekaria izango da. 

Ez da bideko istripua izan, ez. Kultura mundua jipoitzen ari den uhin birrintzaileak eszenategi berri baten aurrean jarri gaitu eta nork bere eskaintzarekin segituko badu  neurri bereziak eratu beharko ditu bere inguruan.  Euskonewsek ere aurre egin behar izan dio erronkari. 

Eusko Ikaskuntzaren agerkari digital aitzindariak ibilbide malkartsua izan du, eragozpenez betea, kudeaketa, berez, oso zaila duen espazio birtualean. Azkenik, lehia da konstantea agente desberdinen artean eta hemen ez dago  ezer oparitzerik. Normala, merkatal espektrua, gehien bat, diru publikoetako deialdi eta gainerako iturrietan dagoenean. Edozein merkaturen ekintza-arauak gogorrak badira ere, euskalgintzaren itsasoan biderkatu egiten dira,  bertako eragile batzuek kolore desberdina hartzen baitute uneko zirkunstantzien arabera. Kameleoiaren trebetasuna hutsaren hurrena bilakatzen dute euskal marrazoek. 

Baina Euskonewsk  ez du iparra galdu eta, alboetara begiratzeari utzi gabe, trinko eutsi nahi dio orain arteko bere ibilbideari. Lokarri  dogmatiko baldintzagarrietatik aske, bere helburuari zintzo segitzea dagokio, eta erronka berrien artean, besteak beste, bere irakurle eta lagunen konplizitate ekonomikoa erdietsi nahi du. 

Egitura apal bezain malgua da Euskonewsena eta hamabostean behin argitaratzera pasatu den arren gainerako konstanteei -kalitatea, irekitasuna, zorroztasuna- fermuki eutsiko die.   Aldizkariaren milaka eta milaka irakurleek arreta eta begirune osoa merezi dute-eta.





lunes, 11 de marzo de 2013

ZIGOITIAKO AZKEN EUSKALDUN ZAHARRA



http://www.fentmuntanyaiformacio.es
Joxe Beobide zestafearrarekin eman nuen iragan larunbat arratsaldea. Murgiako erresidentzia batean bizi da, laurogeita hamahiru urterekin, bizitza luzea,  behintzat zati handi batean, txori libreen antzera eman ondoren. Errepublikaren kontra 1936an matxinatutakoei aurre egiteko alistatu egin zen euskal abertzaleekin, baina bere herria  Legutioko frontetik hurbil eta babesgabe zegoenez gero atxilotu egin zuten eta, beste hainbat euskaldun bezala, "langile batailoi" haietako batera kondenatu zuten, espainiar zenbait lurraldetatik ibili behar izan zuelarik frankisten morroi gisa. Hamasei urte zituen.

 Kontatzen duenez, Urbasatik Teruelgo frontea bitartean kolore diferentetako balek eta metrailak botatako ehunka gorpu ehortzi behar izan zituzten berak eta batailoi kideek, edozein gerrak protagonista aktibo zein pasiboengan eragindako izuak gainerako sentsazioak ahaztuta. Makinen antzera aritu ziren, goitik zetozkien aginduei "zergatik" txikiena ere jarri gabe. Beobideren baitan bizirik diraute giza-kataklismo haren irudiek, nahiz eta hirurogeita hamabost urte eman diren ordudanik.
http://www.fentmuntanyaiformacio.es

Honaino, irakurle, ezer berririk gerraren zehazkizun, gordintasun eta bizipenei dagokienez. Hainbat euskaldunek idatz zezaketen antzerako biografia. Beobiderengana eraman ninduen arrazoirik nagusiena, berriz, Joxe Gopegiko Zestafeko  azken "euskaldun zaharra" izatea da. "San Pedro auzokua,  eta bizitza osua ardiekaz ibili nok Gorbeian" esan zidan ongi etorri gisa. Inoiz ez dio euskaraz hitz egiteari utzi eta bizitzako sufrimendurik latzena euskaldun izateagatik jaso zuela adierazten dio, aditu nahi dionari.

Gehiago ezagutu izan ditudan arren, egun Joxe da Zigoitiako azken euskaldun zaharra. Zorionez, arabar lurralde horretan ere euskaldunak ugaldu egin dira azken urteotan eta belaunaldi berriak itxaropenerako hazia erein du. Oxala  oraingo euskaldun gazteak Joxe bezain zintzoak balira euskararekiko!