BILATU

lunes, 28 de enero de 2013

POLITICUS CORRUPTUS


Ze ondo PPk lortuko balu! Baina ezezkotan nago. Ez dut uste alderdiaren erraietatik ustelkeria erauzteko gai izango denik, kanpo auditoria enkarga lezakeen arren. Areago, gaixotasuna peperoen lerroetatik haratago doa. Arazoa ez dago izen abizenetan edo sigletan, ezta  kasu deigarrietan ere. Egitura da ustelkeriaz kutsatuta dagoena eta eraikina hondamendiaren hurrenean dago, erortzear.

Ongi pentsatuta, hobe genuke zeharo lurreratuko balitz, etxe politikoa zimendu berrietan jaso ahal izateko. Baina daukaguna apuntalatzera badoaz eta guk hiritar arruntok isilik eta aieneka antzuan irauten badugu... sitsak berea egiten eta gizentzen jarraituko du. Noiz arte egon gaitezke pairatzen herritarrok gure politiko ustelen espektakulu lotsagarria? Noraino haziko dira zerri higuingarrien atrebentziak? Nola ipin geniezaioke balazta hainbeste lapurketa instituzionalari?

Politicus corruptus deritzan aluminosis tipo berriaren birusak bete betean ukituta, ohiko eraikin politikoak ezin digu babes egokirik eskaini eta eraberritzea dagokigu, goitik behera. Partxeek ez dute balio. Eta bizkarra emango bagenie? Zer gertatuko litzateke hurrengo hauteskundeetan gizarte osoak uko egingo balio bozkatzeari?

Argazkia: Tere Anda

lunes, 21 de enero de 2013

BURU DISTANTZIEI EUTSIZ (euskal medioetan ere)


Informazio eta komunikazioko teknologia berriek albistea hurbilagotu egin zezaketela pentsatu nuen inoiz. Eta egiarekin gertatzen den bezala, aurrekoaren baieztapena aurpegi ugarikoa dela frogatu ahal izan da: teknologiak, berez, neutroak dira, ahalmenik gabeak.

Teknologiek ezingo dute inoiz, beren ekimenez, distantziak gainditu. Eta gizakiaren borondatera azpiratuko da teknologiaren helmena, hark eraginda eta baldintzatua. Energia atomikoa, berez, ez da txarra ezta ona ere. Haren erabilerak markatzen du kualitatearen zeinua. Areago, batzuentzat ondorio ona dena beste askorentzat gaiztoa daiteke, erabileraren beraren ikuspuntuaren arabera. Hau da, funtsean pertsonaren borondatean ezarri behar da emaitzaren ardatza eta inolaz ere ez hark unean erabil dezakeen teknologian.

Geografikoak baino gogorragoak buru-distantziak dira. Haiek salba daitezkeen bitartean, bigarrenen mekanismo endrebesatuek oztopatu egiten dute etengabe diferentzien espazioa murriztea. Irtenbidearen ordez nahasmen ilunagoa etsipeneraino luzatzea bilatzen ari direla esan liteke.

Teknologia berriak erabiltzen dituzten medioetako arduradun burutsuak dira, azkenik, erantzuleak, onerako eta txarrerako. Teknologia zuriek asko egin dezaketen arren, ez dute milimetro batez ere zulo bereizlea txikituko baldin eta haien ardura dutenen baitan distantziari eusteko nahia nagusi bada. Buru mugak dira txarrenak, eta horiek euskal medioetan ere agertzen dira egunero.


Argazkia: Tere Anda

lunes, 14 de enero de 2013

GAZTEAK KOKOTERAINO


Gu adinduokin horrela egon behar dutela iruditzen zait. Ez da, ez, belaunaldiren arteko ohiko auziarengatik. Hori gurearenganaino heldutako arazoa izan zen, guraso eta seme-alaben arteko tirabirak naturaltzat har zitezkeenean. Gazte izateak berez adierazten duen etenerako arrazoia genuen jarrera hura eta gure aita-amak beren diskurtso moralizakorrarekin segitzen zuten arren, guk bagenekien aurrerantzean ere... haiek irekitako bide bertsutik joango ginela, huraxe baitzen bakarra,  noizik behin 68ko maiatzak sor bazitezkeen ere, eta estatubatuar zirimola bitxiren gisa Marcuse zeritzan batek dimentsio bakarreko gizakiari buruzko teoriak haiza zitzakeen arren. Aitonaren istoriotxoak!

Oraingoa desberdina da. Belaunaldien arteko etenaren nolakotasunak ez dira ohikoak. Eta atzean datorrenari ezin dakioke indiferentziako betarterik ipini -eta niri zer? adierazi nahiko balitzaio bezala.

Guk, oraingo adinduok sortu dugu daukaguna, hain zuzen ere, gure utzikeriarengatik, indiferentziarengatik. Eta ez diezadala inork esan bera libre dagoela huts horretatik. Denok gara errudunak. Gerra latz baten ondoko aldatz malkartsuan, autokratziako garai grisetan, trantsizioko une zalantzagarrietan eta kontsumismoaren espejismo traidoreen aurrean eroso, lasai eta autoengainatuta bizi izan baikara. Ez dago salbuespenik.

Gazteei utzi diegun herentzia ez da bat ere goxoa. Eta ez naiz ekai materialaz ari, ez. Nire ustez,  aldakuntza egokirako haiengan pizten jakin izan ez dugun gaitasunik eza da larriena. Nola erakutsiko genien aldatzen, aldakuntza bera kontranaturakotzat hartzen bagenuen?

Kokoteraino egon behar dutela nioen hasieran. Batez ere, gure diskurtso moralizakor bezain antzuekin segitzen dugulako, orain arte gurea izan den bidetik etorrita amildegiaren ertzera heldu garela konturatu gabe. Aurrerantzean zer egin behar den erabakitzea gazteei dagokie, argi asko erakutsi baitiegu gure formulak ez duela balio.

lunes, 7 de enero de 2013

LO SIENTO MUCHO...


Espainiarren erregeak -Magoen eguneko atarian, eta protagonismoa kendu nahi izan balie bezala- bere buruaren gaineko publierreportaia bat kontratatu zuen -hori bai, xemeikorik ordaindu gabe- bere morrontzapeko hiritarren telebista publikoan; eta hemen Jainkoa eta gero aintza...

Aitortu behar dut -ez zait bat ere kostatzen- idatzizko erreferentziaz bakarrik dakidala zer esan zuen borboiak. Polita izango zen abdikazioa eta erregetza-sistemaren amaiera iragarri izan balu, baina ez bide dugu zorte hori izan. Aitzitik, bere semearentzat hitz laudagarriak izan bide zituen, espainiarrek harengan ordezko paregabea dutela azpimarratuz.

Bere irudi esperpentikoa -anakronikoa izateaz gain- jatortasun eta seriotasun faltsuaz ezkutatu nahian, lifting mediatikora aurkeztu da elefanteen ehiztaria, oraindik ere alde dituen hedabide boteretsu batzuen eskutik. Espainiar telebista publikoaren joko logikoari, logika interesatutik ari diren beste kate eta kazeta batzuen hedapen kirastua gehitzen bazaio, espainiarren erregeari, berdin dio zein izenarekin, Jainkoaren graziak -Caudillo de España por la gracia de Dios- bizitza luze ahalbidetuko diola esan liteke. Eta pena sentitzen dut.

Baina nahi nuke pentsatu deabruak eskutxoren bat luzatuko diola hiritargo zintzoari, borboiaren aulkia mugiaraziz. Mugitu bakarrik ez, baizik eta jarlekua hautsi eta  ifernuko betiereko sutzarretara botatzeraino hel litekeelako esperoan nago. Poza besterik ez nuke sentituko.