BILATU

lunes, 26 de noviembre de 2012

EUSKAL (?) LIBURUDENDAN ERDARAZ


Euskal literaturaz maiteminduta egotea; euskarazko liburuak erostea; Euskal Herriko liburu dendetara sartzen ohitura handia edukitzea, gogoa gure kulturaz betetzearren;... Horrek guztiak jokaera-patroi bat markatzen digu nire gisako euskaltzale errukarrioi, hots, hamarkadetako militantzia zamatsuan denetariko zarrapoak irentsi behar izan ditugunoi. Noski, hain espezimen higuingarriak gogoz kontra jaten dira... Izan ere, euren otordurako garun-azaleko apoen bila borondatez dabiltzanak gaixo daudela uste dut.

Euskadiko hiriburuko liburudenda garrantzitsu batera sartu naiz gaur goizean. Jatorrian euskarazko liburuak ardatz nagusi zeukan enpresak aspaldi zabaldu zuen bere irabaz-lerroen abanikoa, negozioaren arriskua produktu mota desberdinetan dibertsifikatzeko asmoarekin. Zilegi, guztiz, enpresak osasuntsu iraungo badu. Eta eskertzekoa ere bai, jakina, euskal liburu-produkzioaren eskaintzari helduta segitzen ahalbidetzen baitio.

Baina dendatik atera baino lehen, zarrapo berri bat sartu zait -nire gogoz kontra, noski- zintzurretik behera. Aukeratutako liburuak salmahai gainean utzita “Hiru hauek, mesedez” adierazi diot kutxako andereñoari. Horren irribarre behartuarekin batera, "¿Para regalo?" iritsi zait. Nire "Bai, arren"i "¿Por separado?" metalikoak jarraitu dio. Eta paketeak eskuetaratu aurreko "Cincuenta y dos euros" hotza entzun ostean... galdutzat eman dut gaurko dema.

Isildu, paketeak zorroan sartu eta tristeziazko puntu batekin kaleratu naiz, haize freskoak haserrea ahaztueraziko zidalako itxaropenarekin. A! Kutxazainak ez dit ezta "Gracias" ere esan. Todo un detalle, en conjunto.



lunes, 19 de noviembre de 2012

EUSKARA, EGUNKARIAK ETA LOGIKA


Matematikaren arauak eta merkatuko lehiari buruzkoak batera erabili behar ditugunean erabateko logika egiten da nagusi. Zientzia zehatzak zein sal-erosketaren printzipio arruntak nahastuta, emaitzak oso koordenada ziurretatik markatzen du bidea... normalean. Izan ere, beti dago zirrikituren bat aldagai aleatorioren bat sar dadin, ustekabetarako –ala ez horrenbesterako!- atea irekiaraziz.

Euskalgintzak egunkari bat behar du. Baina egia horri ekonomikoki sakon eta logikaz  heltzerik ez bada... nola pasatuko gara, egunkari gehiago edukitzea askoz osasuntsuago delako egia borobilagora? Hortxe koxka! Logikak errealitatea du arerio, nahi baino maizago.

Matematika aplikatuaren orrietan barrena eginez gero logika erabakigarriak hartzen gaitu eta ekuazioaren emaitza asmatzear gaudela pentsatzen hasten garenean, gauzak ez direla hain errazak gogorarazten digu... zerk eta ziztada batek!. Areago, naturalean balio subjektiboek pisu gehiago izaten dute Pitagoras eta Ruffini guztien legeek baino. Eta matematikako klaseetan erakutsi ez ziguten arren, jakin badakigu unitatearen monolitismoa arriskutsua gerta daitekeela emaitzaren kalkulu egokirako.  Uniformizaziorako nahiaren atartea da 
monolitismoa eta horrek betekada okagarria piz dezake.

Euskarak, gutxienez, egunkari bat behar du bere erabilpenean normalduko bada. Gehiago balitu askoz aberatsagoa izango litzateke gure hizkuntza eta erabilpena bera ere hedatuagoa. Nola aplikatu egiaztapen horri zientzia zehatzen logika?
Argazkia: Tere Anda

lunes, 12 de noviembre de 2012

BAINA NORK IRABAZI DITU AEB-ko HAUTESKUNDEAK?


Rayid Ghani
Nire inozotasunean uste nuen AEBetako hauteskundeak Barack Obamak irabazi dituela. Lau urtez ifarramerikarrek lehendakari izan dutenaren berezko merituetan oinarritzen nuen haren garaipen berria, egia esan behar baldin badut Michelle emazte ongi plantatuaren laguntza ere ederto etorriko zitzaiola pentsatzen nuen arren. Baina berriro  okertu naizela aitortu behar dut, jakin berri baitugu egiazko irabazlea, bi urtez demokraten katakunbetan aritu izan den talde zibernetikoa izan  dela.

Informatikari eta matematikari giza-talde bat bi urtez aritu bide da Chicagoko demokraten hautes-egoitza nagusitik. AEBetako hiritarren profilak diseinatu zituzten, dozenaka milioitako hautesleren datuak jasoz, eta informazio erraldoia megaordenagailuek liseritu ondoren hautesleak Obamaren alde zerk eragin zitzakeen aurrikusi zuten adituek. Ni halako gauzak “Numb3rs” telesaileko Txarli Eppesen asmakuntza hutsak zirelakoan nengoen baina Obamarekin gertatutakoak fikzioa errealitatea baino askoz beheragotik ibili ohi dela berretsi dit. Muntaia osoaren goi erantzulea Rayid Ghani izan da, bere web orrian “Obama for Amerika” predikatzen duen zientzia-gizona.

Sare sozialen “konplizitatea” derrigorrezkoa behar dute izan, eta lantegi horretan Facebook lanabes ezin hobea bilakatu zitzaien zientzilariei. Milioika hautesleren artean zalantzan egon zitezkeen hiritarrak zeintzuk ziren identifikatuta –izen eta abizenekin- modu pertsonalean heldu ziren haienganaino kanpainako arduradunak, Obama bera barne kasu batzuetan. Eta horrela balantzaren orratza bere alde eraman ahal izan zuen Barackek (nahiz eta, hasieran nioen bezala, Michelleren irudi erotikoak boto bat baino gehiago eman diola garbi daukadan)



David Petraeus

Bien bitartean, estatubatuar gizarteak bere amets amerikarrean segitzen zuen –krisi ekonomikoak jota, hori bai- demokraten katakunbetan zer egosten ari zen... eta, halaber, David Petraeus CIAko zuzendaria bere emazteari adarrak jartzen ari zitzaizkiola susmatu gabe. Ai ene!




Argazkiak:  
http://www.rayidghani.com/
http://www.latimes.com/


lunes, 5 de noviembre de 2012

TITIRITEROAK



Egunkarian irakurri nuen eskela eta aitortu behar dut emozio puntu batek hartu ninduela. Ez nekien nor zen Gonzalo Cañas jaun hura baina erakarri ninduena identifikatzeko heriotza-albistean ipini zioten titulua zen: titiriteroa. Heriotzetako abisuak emateko orduan hildakoen iraganeko meritu arranditsuak irakurtzera  hain ohituta gaudenez, zinez polita iruditu zitzaidan hitz hura Cañasen bizitza-ibilbidea mugatzeko. Nori otuko zitzaion? Zenduari berari? Auskalo!

Egunkaria eta begiak itxi eta nire baitan gizon haren bizitzan eman ahalko ziren abenturak gorpuztu ziren, betiko adiskide ezaguna izan banu bezala.

Txerpolariak, titiriteroak, gure herrietara garai batean azaldu ohi ziren artista apal bezain hurbilak genituen. Desagertu egin ziren bideetatik, modernitatearen ahotzarrak irentsita. Eta amaitu ziren gure plazetako espektakulu margo askotarikoak, ezer gutxirekin disfrutatzen genueneko arte saio xumeak.

Eskela hark iratzarri zizkidan oroitzapenak ez lituzkete belaunaldi berriek ulertuko. Kosta egingo litzaieke, behintzat, behar den bezala konprenitzea, egundoko bilakaera jasan izan baitu gizarteak, geuri ere bere neurrian asimilatzea hain samurra ez zaiguna.
 
Titiriteroak: herriz herri bide hautseztatuetatik barrena egiten zuten  pretentsio handirik gabeko artistak. Gizon emakume gehienon antzera. Azken finean, horixe bera gara: titiritero ibiltariak.