BILATU

lunes, 30 de abril de 2012

KONTUZ, BADAEZPADA ERE!


Eguneroko bizitza-martxa neurri ulertezinak hartzen ari da, duela hogeita hamazazpi urte desertuan zeharreko ibilaldiari ekin genioneko optikarekin neurtuz gero. Diktadorea hil eta etorkizunak ekarriko ziguna ezin asmatuz, margo-irudirik tragikoenean ere ez genuen hain osotasun ilunik pintatuko. Mende heren batean gai izan gara esperantzak,  gure izerdiaren ondoriozko ondaretxo apurra gugandik besterik nahi ez dutenen esku jartzeko. Pikutara bidali da gizon-emakume aske izatezko harrotasuna!

Bidean jarri ginen eta aldapak gogoaren laguntzaz gainditzen direla uste izan genuen. Inozo halakook! Denborak gure ametsetik esnarazi gaitu eta begi aurrera ekarri digu errealitatearen krudeltasuna. Dirudienez, boteretsuek markaturiko ildoak lagun hurkoa izorratzera eraman behar gaitu, derrigorrez. Ez dago eskua luzatzerik: FMIk debekatu du.

Ongizatearen gaineko kontzeptua iraganeko ero batzuen ameskeriatzat hartu dute orain gure zaintzaile orojakitunek. Eta gizakion oinarrizko eskubideak -nazioarteko itun aintzatsuetan jasoak- ezerezean gelditzen ari dira, ekonomia murriztaile, basati eta sentimendu gabearen izenean. Lan egiteko eskubidea eta Anbrosioren karabina antzerako sinbolo barregarriak dira. Eta karramarroak bagina bezala,  atzerantzeko urratsak emateko premiaz mintzatzen zaigu iturri ofizialetatik. Boterea asezina izan da beti eta orain ere horren erakuspen zabal eta sakonarekin zigortzen gaitu.

Estatuak -ai ene, zorioneko estatua!- bere hiritarrak abandonatu egin ditu ahaltsu berri horien patura. Kapitalak -bai, ikusezina bihurtu den faktore guztiz ahaltsu hori!- tranpara garraiatu gaitu eta bakoitzari esku-burdinak ezarri ondoren torturarekin  gupidagabe mehatxatzen gaitu, "kontuz, badaezpada ere". Lotu ditzagun petrinak! 


 Argazkia: Tere Anda






lunes, 23 de abril de 2012

ESKUINA TXAPELDUN


Ederra erortzen ari zaigu! Eskuinaren ohiko aginte-sistemak haizkora hartu eta pultsuak dardar egin gabe zirt-zart azkar, sakon eta ia-oro suntsitzailea eragin du espainiar mapa politiko administratiboan. "Ia" idatzi dut, eskuinarentzat berarentzat onuragarri gerta daitekeen guztia ongi bereiztuz, legearen zinbulu-zanbulu harrigarria barne.

Hiritargoa ezezagunaren aurreko izuak zeharo elbarritua, ongizaterako gotorlekuaren lubakia gero eta zabalagoa bilakatzen ari da, etorkizun hurbilerako itxaropenak zapuztuz. Hil egin da zentzuzko logika, zinismo eta desitxuratzearen onerako. Ehortzi dute irudimenetik epe laburrerako gera litekeen hazi apurra eta inbutu estuaren arau itogarria aplikatu digute, dekretuz. "Neuk daukat orain zartakinaren kirtena" leloa gure sudurren aurrean haizatu digute eta gerrako danborrek erritmo triste eta loerazlera egokitu dute soinua, gugan erreakzioaren ahalmena itotzeko asmoz.


 
Agintea eskuratu eta tarte laburrera, eremu latzean  ezarri ditu bere dendak eskuinak eta bertako landare bakanetarako bideak moztu dituzte. Ezkerraren ezgaitasun frogatuari eskuinaren lotsagabekeriak segitu dio eta kanpamendu berria suntsiketako ke-usain  sarkorra dario. "Presta zaitezte!" lakonikoarekin abisatu izan baligute bezala, konfrontaziorako baratza ongarritu dute beldurrik gabe, boterea duenean eskuinarentzat ez baitago zeri beldurrik izan. Aldiz, bere burua liberal moderatutzat daukana interbentzioaren aldekoa bihurtzen da bere esparrutxorako kaltegarri daitekeen edozeinen aurrean. Baina hori beraiei bost axola, osasungarritzat jotzen baitute txaketaz aldatzea.


Ez dezagun espero, beraz,  demokraziaren garapenik txikiena ere eskuineko interbentoreetatik. Badakite jakin beste auzi desberdin eta premia handiagoetan izango dugula jarrita gure ahalegina: betebehar materialen helburuan. Horrek gure denbora tarte osoa beteko du. Bien bitartean, "madridbarça"tu egingo gaituzte, irribarretsu, partidua aldez aurretik eurek irabazi dutela jakitun.





Argazkiak: presseurop.eu;  estrategiaynegocios.net

lunes, 16 de abril de 2012

BORBOIAREN ONESTASUNA


"Erregeak makilatuta agertzen ziren euren hiritarren aurrean. Eta emakumeak biluzik ager zitezkeen. Baina inolaz ere margotu gabe!"  dio "Paradisuko atarian" nire antzezlaneko pertsonaia batek. Espainiako errege borboia makilatuta joan bide zen Botswanara, baina bere hiritarrei bizkarra emanez eta isilpean. Hau da, gaizki egiteari gutxienez apropostasun eta gauekotasuna egotz lekioke. Casi ná!

Nik gizon/emakumeon berezko onestasunean sinesten dut. Ez onestasunean bakarrik, baita ohoretasunean ere, hain zuzen, batak bestera eraman baitezake, aurrenaren kudeaketa zintzo baten bitartez. Onestasuna egiarekin lotu dut beti, hau da, niretzat pertsona onestoa da bere buruari egiaren justizia aplikatzen diona. Eta onestasuna zeharo beharrezkoa dugu ohoretasunera iristeko.  Ohorearen postulatuekin ari denari begirunea diot, errespetua. 

Dena den, onestasunerako ahalmena gizon-emakumeon berezko dohaina ote den zalantzan daukat.  Inozo samarra naizelako, sortzezko bekatuarekin bezala, gizakiok ohorezkoak izatezko ukituarekin ere jaiotzen garela uste dudala iruditzen zait. Ezen, sehaskatik onestoak izan diren pertsonak ezagutu ditut. Kontrako adibideak jar nitzakeen bezala. Eta, zinez, ohoretasunera berezko merituz heldu diren batzuen izenak ere aipa nitzake. 

Garbi dago borboiak galdu duela ohoretasunaren aukera. Ez dakit jainkoen ukitu baliotsuarekin jaio zen ere. Hala izan bazen, bistan da bidean galdu zuela onestasuna. Bertuterako suposa zekiokeen dohaina garaipeneko arkutik pasatu du. Cesarren emazteari bezala- izana eta itxura exigitu behar zaio edozeini -are gehiago errege papera egiten duenari- onestasuneko orduan, eta garbi utzi du berarekin ez doala itxura. Izanari buruz nahiago dut isilik egotea. 

Ohoretasuna nork bere jokaerarekin lortzen du, ekintzekin. Euren artean kongruentzia darakusaten ekintzekin, alegia. Borboiak ez du erakutsi kongruentzia, justizia hiritar denentzat berdina dela eta milioika gazteren langabeziak loa kentzen diola adierazi baitu, jarraian bat ere kontzientzia arazorik gabe hiritarrei iseka egiteko. Iseka eta iruzur morala.


Erregea Botswanara makilatuta joan zen, nire antzezlaneko protagonistak erabiltzen dituen pintura  eta ukendu berdintsuekin. Baina nire errege hori bere menpekoen aurrera horrela disfrazatuta atera bazen, bere ohoretasuna erakustearren izan zen.   Espainiarren erregeak, ordea, atzeko atetik alde egin zuen bere hiritarrek ikus ez zezaten, eta hegazkinean itzuli dute ospitalera, eraman ezin izan zuen onestasunik ezak kakaztuta.
Argazkia: pysnnoticias.com

lunes, 2 de abril de 2012

KANPAIAK, MEMORIA SUSTATZAILEAK


Arrasateko San Juan Bataiatzailea
Izan zen garai bat arrasatearron udako eguerdietako erritmoa letxuga-kanpaia izenekoaren tokeak markatzen zuela. Langileak  fabrikatik ateratzear zeudenean elizako dorretik danbada berezia jotzen zen, etxeko andreek jakin zezaten gizakumeak handik gutxira mahaian eserita edukiko zituztela, eta otordu azkar eta, normalean, arin baten ondoren ostera lantegiko bidean jarriko zirela. Hura entzunda, garbitoki publikoan azken harrikoa atera ezinik jardungo zuten andreak ziztu bizian abiatzen ziren etxerantz, lapikoa sutan berotzen jartzera edo letxuga entsalada prestatzera.

Kanpaiek markatu dituzte gure gizartearen biorritmoak. Eta jarri dudan adibideak garbi darakusan bezala,  ez bakarrik baserri giroan. Egia da kanpaiek modu berezian "agindu" dutela baserritarren artean, hurbiltasunarengatik, beharbada, edo menpekotasun estuagoaren ondorioz. Ala biengatik. Larunbat arratsaldeko hiruetan eliz-dorreko kanpaiek mezua ekarri didate, ohi duten kadentziarekin. Errepike metaliko hotza iruditu zait. Egia da uneko nor beraren egoera animikoak neurtzen duela mezuaren garrantzia, eta zentzu berdineko bi eskutitzek sentsazio kontrajarria piztu dezaketela hartzailearengan. Gaurkoak ez dit bibrapen baikorrik sorrarazi. Aitzitik, ilun sentitu da nire izpiritua, kanpaien doinuak iragan urrunaren eta orain helezinaren arteko talka ulertezina adierazi izan balit bezala.

Arrasateko Udala auzoko San Esteban eliza

Larunbat arratsaldeko kanpaialdiak zentzu anakronikoa piztu du nigan, hotsaren oihartzunak ez nauela egun ezertara eramaten frogatu nahi izan  bailuen. Kanpaiak, azken finean, gure herriaren bizitza sakratuaren erlojuak izan direla gogoratu dut eta horren egiaztapenak egun tokiz kanpo daudela baieztatu dit, iraganeko arratsaldeetako bezperak zein arrosario-otoitza fosilak baitira, inor gutxiren sentimenduei eragiteko bat ere gaitasunik gabeak. Kanpai-danbadak, beraz, alperreko deiadarrak ditugu, joandako ohitura sakratuen erakusle bezala hartuz gero. Zentzua eduki lezakete, ordea, memoria historikoaren sustatzaile gisa. Alde horretatik bakarrik begiratuz gero, kanpaien doinurik ilunena ere alaia gerta lekiguke. Izpiritua belztu ez dakidan, aurrerantzean kanpaien deiari zentzu erlijiosoa kentzen ahaleginduko naiz. Horrela kanpaiak atsegingarriak gertatuko zaizkidala uste dut. Eta, seguru, premiazkoak.