BILATU

urtarrila 02, 2012

JAIETAN GALDUTA

Jaietan murgildurik gaude, auskalo zein sustrai mota duten jai argiz beterikoetan, alegia. Egun gehien bat modu profanoan ospatuta, jaiaren misterioak ez digu, inguratzen duen argiaren laguntzaz ere ezer argiztatzen eta herriak errito, zeinu eta ospakizunak berpizten ditu, zein logika dagokien ez badaki ere.

Baina, baliteke logika tokiz kanpo egotea egungo jaietan, dibertimendu folklorikoak hartu baitu lekukoa ospakizunetan, zein eratakoa den berdin diolarik. Logikarik ezak ez du iparra non dagoen itaundu behar, noraezak ez baitio kezkarik sortzen giza kolektiboari.

Elementu erlijiosoa -estu estuan loturik superstikzioarekin- indarra galtzen joan da, assem habeas assem valeas ospetsua gizartearen goiburu izatera igaro denean. Eguberri jaiaren adierazpena bera ere ezezagutzaren multzora pasatu da eta neguan denez gero ez da oraindik, ipar hemisferioan behintzat, turismoko erakarpen bat bezala saltzera igaro. Baina dena ibiliko da, denbora lekuko.

Garbi dago gizakiok ezin dugula jairik gabe bizi izan, eta zentzu praktikoa -adierazpen ugariko praktikotasuna, hain zuzen- galdu dutenean jaien zentzu artifiziala asmatzeari ekin zaio, batez ere arrazoi komertzialen eraginez. Sentimendu kolektibo inposatuak toki hartu dio, oharkabean agian gizateriaren multzo handi batean, dimentsio kolektiboko esperantzari. Jaiak, edozein, gizartearen bizitzari buruzko islapena dira, gehienetan -beti ez esatearren- artifizialtasunaren paradigma bilakatuta. Eta lehen, seguru asko, gizartearen bizitasuna adierazten zuena, gaur giza kolektiboaren mugimendu induzitua bihurtu da, hots, sustrairik gabeko erakuspen nostalgiko folkloriko balio gabea.

Erlijio arautuen aurreko sineskeriek ospatutako jaietatik erlijioek gorriz markaturikoetara igaro zen, kateari etenik eman gabe. Gizarte planfikatuetan, berriz, jai erlijiosoak desagertu egin ziren eta ideologia diferenteko gogoa eskaini zitzaien jaiei. Gaur eguneko ospakizunetan, berriz, gizaki moderno berriaren planora ekarri dira jai modeloak, eta supertxeriak agindu egiten du kupidagabe, manto arrosa izarrez beterikoak estalia. Hau da, faltsukeriak estaltzen du giza-arrazonamendua, sekula baino indar handiagoarekin. Eta jairik jai gabiltza, zertan ari garen hausnartu gabe.

Argazkia: Tere Anda

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina