BILATU

lunes, 31 de octubre de 2011

AZAROKO HAUTESKUNDEAK ETA PINOTXO


Heldu gara azken txanpara eta hautagaiek diskurtso monokorde bezain ulergaitza zerbitzatzen digute, botoaren saria eskuratu asmoz. Eta kanpaina aurrera doan heinean,  zuzeneko proportzioan hazten da hautesleengan asperkeriaren maila. Iritsiko da azaroaren hogeigarren eguna. eta "amets-erosleak"  bere hautuaren alde egingo du , panorama ezertan aldatuko den bat ere esperantzarik gabe. Ziurta liteke politikoak eurak ere –agian ergelenen salbuespenekin- konbentzituta daudela ezer gutxi egin dezaketenaz, inori ez baitiote ez naturak ezta unibertsitateak ere ahalmen nahikorik luzatu daramagun bide okerra zuzentzeko. Epe laburreko ameskeriak horretantxe geratuko dira, amets huts zentzu gabetan.

Gure haserrean, ordea, ezingo gara geldirik geratu. Gazteak zein adinekook ganoraz bultzatu beharko dugu, daukagun hondarrezko eraikinetik atera eta harrizko oinarrietan sostenga daitekeen  berrian gure bizimodua prestatzeko. Ez da lantegi samurra, hura jaso bitartean zaharraren hondakinetan aritu beharko baitugu, itoginez beterik dagoen teilatu azpian eta haize zurrunbilo kontrolaezinek behin eta berriz astindutako harezko horma faltsuen erorketaren mehatxupean. Baina horixe daukagu, ez besterik.

Epe luzerako norgehiagoketa da aurrean daukaguna. Hauteskunderik ez balitz ere, erantzukizun punturik txikienarekin jokatu nahi bada, jadanik ekin beharko genioke. Azken hamarkadetako gizartearen desitxuraketa interesatuak ekarri dizkigun fakturak ordaintzea dagokigu orain, eta bitarteko aproposik ez dugunez gero etorkizuna hipotekatuta daukagula aitortu behar da.  Nola arraio jasoko dugu zama astun hori? Nork lagunduko digu, baldin inork laguntzerik badu?

Hauteskundeek ez digute egoera ekonomikorako formula magikorik ekarriko. Magia gezurra da, eta gezurretan ezin da ezer eraiki.  Formula bakarra, estualdiei aurre egitea da, irudimenez eta pazientziaz. Erabaki oker galantek eraman gaituzte oraingo egoerara, eta zulotik ateratzea ez da bi egunetako erronka, ezta legealdi batekoa ere. Behar ditugu, beraz, ausardia, aurreiritzi gabeko ameslari argiak, zintzotasuna eta gizarte berrindarturako ezinbestekoak zaizkigun aldeko osagaiak. Eta, jakina, denbora.
 
Botoa emango dut baina daukagun aukera ikusita, emaitzak beltzez segituko du etorkizuna iragartzen. Aldaketa ez zaigu, zoritxarrez, norabide horretatik ailegatuko. Eta hori badakite, ongi jakin ere, politiko askok. Botere faktikoen panpinak bilakatuta, Pinotxoren sudurra jartzen zaie hitz egiten diguten bakoitzean.




Argazkia: http://es.wikipedia.org/wiki/Pinocho

martes, 25 de octubre de 2011

RAXOI ETA BILDU


Raxoik  dio bere helburua -PPrena- Bilduri botoak kentzea dela. Baieztapen horrek zilegitasuna eskaintzen dio euskal alderdiari, beste kontsiderazio askoren gainetik. Ez da gutxi. Komentzituta nago Raxoi jakin gainean zegoela ETAren azken komunikatuan esango zenaz. Rodriguez Zapatero, CNI eta enparauak zeuden bezalaxe. Enteratu bide ez zen bakarra Patxi Lopez dugu, jokoz kanpo harrapatuta lehen  pilotakadatik.
Baina gaurkoa ez doa ETAren erabakiari buruz baizik eta Raxoiren asmo teluriko ilunaz. Izan ere, lurrikararik galantarenarekin ere gailegoak ez zukeen ergelkeria handiagorik esango.

Nola arraio kenduko dio PPk Bilduri botorik? Produktu berdinik saltzen dute, ala? Ez dago zalantzarik egungo PP eta PSOEeren arteko diferentzia hutsaren hurrena dela, gobernu programari dagokionez. Badirudi bata besteak zer esango zain egoten dela, bere lan lerro programatikoak aldarrikatzeko. Egia da, bi alderdiak arrantza esparru berdintsuetan ari direla eta antzerako sareak erabiltzen dituztela. Galdeketa bat egingo bagenu bi alderdien arteko diferentziak zehazteko, ziur nago pertsonalak ez lukeela inondik ere asmatuko, biak zein biak joko arau berdinekin ari baitira hautesleen bila.

Sarritan jarri dut sarrailgilearen adibidea: ekoizle guztiok sarrail berdina fabrikatzen badute, merkatuak laster hondoa joko du, degradatu, deskontu eustezinekin eta mahai azpiko jukutriekin. Merkatuaren dibertsitatean datza ekoizle bakoitzaren osasuna eta, ondorioz, merkatuarena berarena. Eta espainiar bi alderdi nagusiek ez dakite azaltzen euren eskaintzaren diferentzia non dagoen.

PPk eta Bilduk, bistan da, produktu desberdinak dituzte eta merkatuak garbi dauka bakoitzaren eskaintza zein den. Ez du dudarik azalduko botoa emateko orduan. PPk botoak, batez ere, PSOEri kenduko dizkio. Agian, banaka batzuk EAJri (alderantziz ere gerta liteke) Baina Bildu eta PPren arteko hautesleak galaxia desberdinetakoak dira.  Hor lasai egon daiteke Bildu, hortik ez baitzaio arriskua etorriko. Baina koalizioari iragarpenak pikutara joan dakizkioke, baldin eta besteen demerituetan bakarrik eraikitzen badu bere hauteslegoa.

Bilduri ekintza positibista eta posibilista argigarria arlo guztietara ematea dagokio. Eta horrela, seguru, dardaran PP eta bere orbitako guztiak egongo dira. Era horretan bakarrik joan ahal izango da aurrera herri honen eraikuntza itxaropentsuan.

Orain arteko erokeria guztiak albo batera utzirik, Euskal Herriaren gero  baikorrean sinesten dugunon indarra elkartuko bada urratsak elkarren arteko konfidantzan eman behar ditugu.

Amaitzeko diodan gaur, urriaren 26, ez dudala ezer ospatzerik, hau ez baita nire eguna.


Argazkia: elrincondelalibertad.blogspot.com
 


lunes, 17 de octubre de 2011

BAKEA DA PROTAGONISTA



Kofi Annan badakart ere argazkian, ez da bera protagonista delako gaur Donostian burutuko den konferentzian. Gaurko ardatz nagusia, izar bakarra, bakea da, oinarrizko gure eskubidea.

Bakean sinesten du -desiratzen du- Euskal Herriak eta horixe oihukatzen dio ozen etengabe munduari.

 Sinetsi, desiratu... exigitu egiten du bere ezintasun ia kronikotik. Bidean egon nahi dugulako begi guztiak Donostiara zuzenduko dira gaur, itxaropen izpiari eite jarriko ote zaion irrikan, guretzat eta bihar etziko belaunaldientzat bortizkeria larbatuaren estigma errotik erauzita izan dadin.

Baina ez gara inuzenteak eta jakin badakigu bide hori sastrakaz beterik edukiko dugula. Espazioak irabazten joan beharko da, amore eman gabe. Eta denoi dagokigu betebeharra auzo lan erraldoian. Elkar ulertzea bultzatu beharko dugu bakoitzak, orekaren zentzua, guztion ongizatea, eta unibertso bertsuko partaide izatearen sentimendua. Interesetako gatazkak eta elkarrizketarik ezak aurrean dugun gizabanakoa zein kolektiboa modu karikatureskoan islatzen dizkigute. Eta zirkulu horretatik ateratzeko kemen handia behar da.

Errepasa dezagun apurtxo bat historia eta gure herri honi bortizkeriak zer ekarri dion ikusiko dugu. Historiak ere erakusten digu herrien duintasunak modu positiboan eragiten duela horien garapenean. Eta Euskal Herriak bere buruaren gaineko jabetza berreskuratuko badu, aurriritzi, egia erdiak, irizpide sinplistak eta injustizia baztertu beharko dira. Baina aldi berean adorez eta indarrez ihardutea dagokio gure gizarteari, egin nahi lituzkeen aldarrikapen guztietan.

Ez dut oroitzen nork esan zuen, txar eta onaren arteko muga gizaki bakoitzaren bihotzetik igarotzen dela.



Argazkia: swotti.com

lunes, 10 de octubre de 2011

JENIOTASUNAREN MORRONTZAN


 
Asteari ekin diogu Steve Jobsek utzitako hutsunearekin. Eta bere estelarekin eman nahi dut pare bat minutu, lerro hauek idazten ditudan bitartean. Aitortu behar dut  bere nortasunak erakartzen ninduela -batik bat berrikuntzarako erakutsi duen trebezia eta begi klinikoarengatik- eta berarekiko nire errezeloak ere izan nituela, gutariko bakoitzarekin jazotzen den moduan. Jobs izan dugu XX-XXI. mendeetako izarrik eragingarrienetakoa, eta orain beharbada izarren artetik begiratuko digu hemen utzi duenaz bere buruari galderatxoren bat eginez.

Jobs desagertu da, jenio bat bihurtuta. Gaztetatik erpinik gailenetara ohituta, bere ahotsa, bere diskurtsoa, bere proiekzioa iragarpen guztien gainetik igo zen eta mesianismo zaleek beste iluminatu berri bat bezala gurtu zuten.

Jobs espazio sideralean galdu denean, eta beste modura ezin zitekeen bezala, hemengo eta hangoek orriak betetzen ditugu haren gaineko gure usteekin, eta espektrorik zabaleneko aburuek nortasun zaileko pertsona definitu dute. Hari buruz genekienari orain arteko ezezagunak zitzaizkigun kolore ugariko xehetasunak gehitu zaizkio, jenioaren gaineko mugaketari dimentsio berri bat emanez.

Jenio bat izan da  eta jenioei dagokien legez izaera konplikatuarekin jantzi du berak sortutako errealitatea, Einstein, Mozart edota Jorge Oteizarekin gertatu zen moduan. Jobs ez da izan azken profeta garduna. Ezta munduaren kalamitateak konpon litzakeen deabruaren mandataria ere. Baina aldakorra dugun gizarte-unibertsoan desberdin joka dezagun komunikazio- plataformak asmatu zizkigun. Hoberako izan den ala ez geuk erabakiko dugu, eguneroko gure jarrerarekin.

Oteizak, bere jeniotasunean, sekula ez zigun berarenganako lilura erakuslea eskatu. Areago, esan liteke gugan berarekiko korronte elektriko negatiboa sortzen ahalegindu zela, etengabe. Baina oriotarrak gugan kezka eta zalantza jarraikirako joera piztu zuen bere obrarekin. Eta hori eskergarria da.

Jobsek ere, bestelakoa den arren, duda handi bat utzi digu, bakoitzaren barne erantzuna behar duena: gai izango al gara gizon-emakumeok sentimenduak teknologien gainetik jartzeko?
 

Jobs jenioa joan da eta jeniotasunaren morrontzatik askatu da betiko. Guk hementxe segitzen dugu eta askatasunaren aldera geuri dagokigu esklabu ez izatea, jenioak jaio ez ginen arren. Edo horrexegatik, hain justu.

Argazkiak: iphoneworld.com.es

lunes, 3 de octubre de 2011

KRISI ALA IRAULTZA?


 
Krisi ekonomikoaren eraginez sektore publikoko langileen ordezkarien kopurua murrizten ari dela irakurri nuen lehengoan. Ez dakidan zer artikulaturen arau bat aplikatuz, badirudi langile publiko horien interesak defenda litzaketen sindikalisten eragina, kantitatez bederen, txikiagoa izango dela aurrerantzean. Ez dut ezagutzen zein erantzun izan duen erabaki horrek langileen kolektibotik, baina pentsatzera ematen du, jatorrian behintzat, ekintza sindikalistan ondorioa izango zuela.




Krisi ekonomikoa aipatzen da bazter guztietan eta egia da zuloan gaudela, guk geuk urtetako gure iharduera itsuarekin sortutako zuloan, hain zuzen. Horregatik, krisi hitza besteren batekin ordezkatzeko garaia iritsi delakoan naukazue. Krisiak abaguneko zerbait adierazten du, egituran gerta daitekeen uneko fenomenoa, alegia.  Krisiak denboran irauten badu, krisia ez baizik iraultza bihur daiteke. Eta ene ustez, iraultza baten atarian gaude; behintzat, nolakotasun guztiak ematen ari dira iraultzan pentsatzen jar gaitezen. Egoeraz konturatu ote garen ala ez, beste gauza bat da. Zoritxarrez, errealitatea da segitzen dugula erabiltzen krisi hitza, galdutako “ontasunezko” denboren esperantzan gaudelako, nonbait. Eta gure politiko zein sindikalistek ez gaituzte errakuntza horretatik ateratzen, eurak ere itsu daudelako, ala –posible litzateke- ezgai direlako.

Eszenategi berri bat diseinatu behar da gure bizitzarako. Eta orain artekoa ez bezala, obra berri bat eszenifikatu behar du gizarte osoak, munduko antzokiak guztientzako aukera eskainiko badu. Horregatik, iraultza eragiteko prest ez ezik, partaide aktibo izateko borondatea aurkeztu behar du gizabanako bakoitzak. Iraultza handi bat ordezkaritza-sisteman, iraultza enpresen sorkuntza eta kudeaketan, iraultza hezkuntzan, iraultza bizitza-kalitatean eta, oro har, iraultza gure bizimodu arruntarekin zerikusirik duten arlo guztietan.


Hori bai, krisi ekonomikoari partxeak jartzeak ez du iraultzarako ildoa erraztuko, krisia bera iraunaraziko baizik. Arazoa gizarte-egituran dago, eta paradigma aldatzeak gaur egungo sistema hankaz gora jartzera behartzen gaitu. Eta, zoritxarrez, ez ditut ohiko alderdi politiko zein sindikatuak egiaztapen horrekin oso ados ikusten. Behintzat ez zaie euren aitorpenetan aldakuntza integralerako borondaterik igartzen.



Argazkia: peatonet.blogspot.com