BILATU

lunes, 27 de junio de 2011

GASTRONOMIAREN EUSKAL PIZKUNDEA?



Euskal Pizkundea deritzan mugimenduak sukaldaritza ere jo zuela esatea ausartegia den arren, nire eskuetan Antonio Grajales sukaldari gasteiztarrak ipini duen liburu batek zer pentsatzerik eman dit. Ignacio Domenech sukal-adituaren La cocina vasca da liburua, 1935ean argitaratua, Bartzelonan.

Domenech katalana zen, 1874an Manresan jaioa, eta bere garaian ospe handia hartu zuen, gastronomo eta editore bezala. Bere liburuek sukaldari askorengan izan zuten eragina eta oraindik gaur egun ere irakurtzen dira, beti aurki baitaiteke zehazkizun bereziren bat praktikara eramateko. Liburu horietako bat da La cocina vasca.

Argitaratzea erabaki zuenean, Laurak Bat azpitituluarekin, Antonio Zozaya idazle madrildarrari eskatu zion hitzaurrea eta honek Berorren aguidun heguira nago. Estoy a las órdenes de Vd erantzun zuen. Zozayaren testuan aurkitu ditudan beste harribitxiak:

- Mi amor a Vasconia no es una afirmación sin contenido ético y pasional. Vascongada es la madre de mis hijos, compañera idolatrada de toda mi vida. Y pudiera decir que tengo vasco el corazón, por mi amor a las luminosidades del mar y de la montaña, por mi fervor por las tradiciones seculares y a la libertad de los individuos y de las regiones.

- En el vasco y en el caldeo hay que buscar el orígen de nuestro lenguaje y en la indómita bravura y serena dignidad de los eúskaros el manantial étnico de toda nuestra raza.

- Comiendo los guisos admirables de los vascos no nos parece ya su idioma maternal tan impenetrable (Dionisio Pérez gastronomoaren hitzak bere eginez)

- Unas sardinas asadas sobre hojas de parra, al estilo de Santurce o de Bermeo, unos gustosos chimbos o una centolla rellena, como las famosas de la donostiarra Nicolasa, requieren que los comensales sean pocos y bien avenidos, no más que las Musas, ni menos que las Gracias. Creo que este carácter familiar, íntimo y cordial es la nota característica de las cuatro provincias unidas. Laurak Bat.

- El vasco, antes que tragar quiere saborear y paladear. Si un comensal excita a otro a comer con exceso, éste no dejará de contestarle: Engordaré demasiado. Gueiegui guicenduco naiz. Y si se le dice a un campesino de las Encartaciones o del valle de Orduña que los vascos se atracan sin medida y se trata de un viejo que rinde culto al idioma vernáculo, dará esta respuesta: Berori engañatu dute. Le han engañado.

- No me queda sino despedirme de los lectores castellanos y vascos, diciéndoles respectivamente: Queden Vds. con Dios. Gueldi bedi Jauncoarequin.





Liburuak dozenaka errezeta ematen ditu, gehienak Domenechek berak proposatuta eta besteak Teodoro Bardají sukaldariaren aholkuz. Bakoitzaren titulua bi hizkuntzetan daude, eta diotenez euskal formulak eta plateren deiturak Lazkaoko orduko sakristauaren ardura izan zen.

Utziko al didazu gaurko menua aukeratzea? Begira zer gomendatuko nukeen:

Sarrera: Txitxirio ta ziazerba eltzekaria (Potaje de garbanzos y espinacas)

Lehen platera: Legatza basi orlegitan (Merluza en salsa verde)

Bigarren platera: Arkume giltzurrunkada euzko-arauz (Riñonada de cordero estilo vasco)

Mahai-ondokoa: Bilbaoko odiño burindunak (Canutillos de Bilbao a la crema)


On egin dizula!

viernes, 17 de junio de 2011

JUAN GARMENDIA LARRAÑAGA: ONDARE SARIA



Juan Garmendia Larrañaga tolosarrari buruz behin baino gehiagotan aritu naiz txoko honetan. Orain ere bera ekarri nahi izan dut, Gipuzkoako Foru Aldundiak Ondare Saria eman baitio, eta adiskideaz zertxobait gogoratzea egokia iruditu zait.

Juan adiskideen adiskidea da eta horrek ahalbidetu dio gizarte-harreman sare zabala ehuntzea. Era guztietako pentsamoldeko gizon-emakume ugariren adiskidetasuna ondu du Garmendia Larrañagak bere bizitzan, eta norabide bikoitzeko estimu jarioak aukera paregabea eskaini dio gure lagunari behatoki berezi eta egokia eratzeko, euskal gizartearen nondik norakoak inork baino hobeto ezagutzeko.

Euskaldunen munduarekiko ukitze jarraikiak sentsibilitate aparta landu du Juanengan eta, aldi berean, gu guztiokin kritikoa izateko agintea eskaini dio. Kritiko zorrotza eta orekatua dugu, bihozkada hutsaz eramaten uzten ez dena. Bihotza erabiliko du, hori bai, bere iritzi eta epaiak azaltzean, baina buruari lehentasuna emanez. Eta hitz huts eta lausenguzkoak ongi antzematen dituenez gero, ez zaio hain samur engainatuko. Gu joaten garenerako, tolosarra itzuli egin da.


Bizitzari buruzko bere ikuspegi sosegatuak ironiazko puntu bat jarri du Juanen ekarpenetan. Bere obra seriotasun neurtua dario alde guztietatik, baina gure adiskidea ironia fina bihurtzen da berarekin hitz egiten denean. Munduaz erlatibizatzen ikasi duen gizon honek zilarrezko zubiak eraiki ditu iragan eta orainaren artean, baina ez du inoiz ahaztu bere lan guztiak ez zuela zentzurik izango etorkizunera begira aritu izan ez balitz. Eta horrexegatik da funtsezkoa Juan Garmendia Larrañaga antropologoaren lana gure gizartearen garapenaz ideia egin dezagun.

Ondare Saria eskuratuko zaio ekainaren 22an; hain justu, San Juan bezperako atarian. Juan Garmendia Larrañagak hain maisuki ikertu duen gau magikoaren sua, ihintza... eta sorginak prest daude, urteroko zikloa betetzeko. Ziur nago aurtengo akelarrean dantza eta salto egingo dela Juanen osasunaren ohorez! Nik ere, Juanito, Arrasateko plazan zutikako den txopoari eskatuko diot bere goiko muturretik Tolosa alderantz begiratzea eta zuri nire zorionik bihozkorrenak helaraztea.


martes, 14 de junio de 2011

NORA JOAN DIRA SUMINDUAK?


Suminduek denda bildu dute eta barreiatu egin dira, han eta hemen, sistemak utziko dien aukeraz ostera baliatzeko asmoarekin eta, agian, esperantzarekin.

Maiatzaren-15eko mugimenduak orain arte ezer erakutsi badu, statu quo-ari buelta emateko zailtasuna izan da. Sistemak aliatu batekin jokatzen baitu: denbora. Eta horixe da, alderantziz irudi lekigukeen arren, suminduei falta zaiena.


Grazia egiten zidan gaur Esperantza Agirrek agintaldi berriaren aurreko bere hitzaldian, hauteskunde-erreforma agintzen zuenean. Zerrenda irekiak aipatu zituen, bera nagusi egin duen alderdi-sistema opakoari amaiera eman nahi balio bezala. Grazia egiten zidan, amorruzko tanta batzuekin zipriztindua, noski. Espainiar testuinguru politikoan zirrikitu guztietatik darion ustelkeriak itsutu bide ditu hiritarrak, azken hauteskundetako emaitzei bagagozkie. Eta suminduek bizio larbatu horren salakuntza egin nahi izan badute ere, sistemak isilarazi ditu, eskaintzen dizkien aukera berdintsuetaz baliatuta.

Suminduek jakin badakite gurpila gero eta pisutsuagoa dela. Jakitun daude, espainiar gizartea mutur eskuindarraren esku geratuko dela hurrengo hauteskunde nagusietan, eta ideologia gisa sozialismoak adieraz zezakeenak azken hogeita hamar urteotan bere balioak galdu dituela. Ideologia neoliberalaren postulatuetara lerrotu da PSOE, atzera itzulirik gabeko jarrera ulergaitzean.

Espainiar gizarteak gerra berri baten garro itotzaileak pairatuko ditu berriro, oraingoan – hori espero dut, behintzat- tankeak kalera aterako ez badira ere. Beldurraren arma erabiliko du eskuinak, hiritarrak isilarazteko. Eta eszenategi berrian luze iraungo dute, eskuinak –beti- izuaren karta jokatzen baitu agintea eskuratzeko eta bertan egonkortzeko. Eta hor jarraitu dute gizentzen politiko eta funtzionario ustelek, mafiako ejerzitoak, eliza eta armadako txupopteroek,... gizarte-eraikina bera zeharo baliogabetua utzita.

Suminduek denda bildu dute eta auskalo nora joan diren. Batzuk haien itzulera itxoiten geratu dira; baina hori ez da irtenbidea. Gutariko bakoitzak eguneroko praxian sistema ustelgarriarekiko sumindura pittin bat jarriko bagenu, gizarteak itxaropenezko izpi batekin joka lezake oraindik. Osterantzean, gureak egin du.

lunes, 6 de junio de 2011

FRANCO HILTZAILE IZAN ZEN


Jeneral autoritarioa omen zen Franco, espainiar Historia Akademiaren hiztegiaren arabera. “Franco autoritario? Bai, zera! Hori ez duzu zuk ere sinesten!” Horrela erantzungo nuen definizio bitxi horren aurrean baldin eta 9 urte genituela ikasten genuen Caton liburuan Francori buruz erakutsi zidatenarekin bakarrik geratu izan banintz. Eta pentsatzen dut inor ez dela harrituko, ondoko ilustrazioak dakarrena irakurrita. Begira:

Franco oso ona zen, eta espainiar guztiak maite zituen eta horregatik Jaungoikoak bidali zuen Espainiara, gure aberri bihotzekoa pertsona gaiztoetatik salbatzearren. Eta horixe egin zuen, lantegian “alma, vida y corazón” jarri zuelarik. Horregatik, guk gogoz maite behar genuen, gure salbatzailea zelako eta den-dena gugatik egiten zuelako. Eta Pilareko Ama Birjinai otoitz egin behar genion, Francok agintean jarrai zezan.

Nire etxean –Euskal Herriko gehienetan bezala- ez zen politikaz hitz egiten. Beldur zioten nire gurasoek horren gaineko solasaldirik txikiena ere etxeko gaztetxoen aurrean edukitzeari, eta nahiz eta ez nuen oso argi zer gertatu zen ni jaio baino urtebete gutxi lehenago, zerbait gogorra zela antzeman nezakeen. Baina inozotasunezko garaia zen...harik eta...







... Behin nire amaren paper ezkutuetako bat agertu zen arte –sukaldeko mahaian ahaztuta, nonbait- eta orduantxe irakurri ahal izan nuen ondoko prentsa-mozkina. “Sentencias cumplidas” zioen Gaceta del Nortek 1937ko abenduaren 22ko albisteak, eta bertan 1937ko urria eta abenduko lau egunetan Larrinagako presondegian exekutatutako ehunka lagunen izenak agertzen ziren. Haien artean, amaren anaia bat: Jose Mari Azkarraga. Hogeita bat urte. Bere delitua: Francok adierazten zuenarekin ados ez egotea. Eta arrazoi horrek kondenatu zuen fusilatua hiltzera... beste asko eta askorekin batera.

Eta orduantxe konturatu nintzen, Franco ez zela Catonek zioena, baizik eta nire gurasoek eta hainbat lagunek umeen aurrean esaten ez zutena: hiltzailea.

jueves, 2 de junio de 2011

¡MIERDA VA!



Lehen-lehenik, barkamena eskatu behar diot irakurleari, erabili dudan titulu eskatologiko horrengatik.


Eta jarraian, irakurleari berari galdetu behar diot zer sentitu duen, Gurtel kasua deitu izan den auziaren protagonista laster kalean egon daitekeela enteratu denean. Niri, aurreratzen diot, higuina eman dit albisteak. Justiziarekiko mesfidantza areagotu egin didan deliberamendua eskandalu etiko eta inteligentziaren kontrakotzat hartzen dut, goitik behera.

Hamabost milioi euroko fidantza ezarri dio epaileak eta hemen ez da ezer gertatu! Bere karrera “politikoa”ren hastapenetan ezkerreko eskua aurrean eta eskuinekoa atzean, besterik ez zuen lapur higuingarri horrentzat edozein fidantzak errekusagarria izan beharko luke. Nola arraio jar dezake “diru zuri”rik epailearen mahaian, baldin eta eduki dezakeen guztia zikina baldin bada?



Ezarri zaion fidantza diru kopururik txikienarekin estaltzeko prest balego ere, automatikoki, tipoa kartzelan segitzeko agindua emango nuke nik, balizko zigorra biderkatua, gizartearen ezinbesteko balioen kontra eraso interesatua behin eta berriz gauzatu zuen eta horiei esker zerri nazkagarriaren antzera gizendu zen pertsona nardagarri horrek ongi merezia baitu eskarmentu eredugarria.


Hor nonbait irakurri dudanez, badirudi Pedreira epailearen erabakia Giza Eskubideen Europako Epaitegiaren jurisprudentzian oinarritzen dela, “Justizia egitea bakarrik ez, baizik baita egiten dela itxura ematea”: "Justice must not only be done; it must also be seen to be done" Kasu honetan ez justizia ezta, are gutxiago, itxura.

Kaka-estolderiak beteta daude espainiar justiziarekin.


Lapurraren aurpegiko argazkia: http://www.elsiglodelasluces.net/?tag=gurtel

miércoles, 1 de junio de 2011

GASTEIZ, HIRIBURU BIZIA... BAI, BAINA GUTXIAGO


Datorren urtean Gasteiz Europako Hiriburu Berdea izango da, Europako Batzordeak urtero eskaintzen duen titulua, hain zuzen, ingurugiroaren esparruan burutzen ari den eta aurrerantzean ere gauzatuko den lana nolabait sariztatuz.

Arabako hiriburutik ibilalditxo bat egiteak argi asko adierazten du udalak apustu gogorra egin duela titulu hori merezitzeko. Seguru nago hiritar guztiak ez direla ados nirekin egongo –ezin baita bazter guztietara intentsitate berdinarekin iritsi- baina Gasteizek aspaldi jo zuen iraunkortasunaren alde eta eredua bilakatu da Europako hiri gehienentzat.

Dena den, nik ere badaukat nire kexa azaltzeko motiboa. Begira: gaur goizean osteratxo bat egin dut hiriburutik eta argazkiko kartelarekin egin dut topo. “Vitoria-Gasteiz. Capital de vida. Hiriburu bizia” jartzen du, eta harritu egin nau, zeharo. Ez da gaizki deritzodala esloganari. Ez da hori. Guztiz txunditu nauena da, ordea, kartela Gasteizko Zezen Plazan dagoela jarrita, hain zuzen ere heriotzaren monumentua den tokian. Eta horixe bai gaizki iruditzen zaidala. Norbaitek esan dezake, urteko 360 egunetan beste erabilpen asko dituela Plazak, baina horrek ez dio larritasunik kentzen, gainerako bost egunetan heriotzarik krudelenetakoaren paradigma diren zezenketak eratzeari.

Hiriburu Berdean sinesten badugu, osotasunean babestu behar dugu gure ingurua, alperreko sufrimendua eragiten duten espektakulu basatiak bertan behera utziz. Inguruarekiko begiruneak maila bat gora egingo luke horrela. Eta berdeagoa izango litzateke gure bizitza.