BILATU

lunes, 20 de noviembre de 2017

LAUREHUN



Laurehun aldiz agertu naiz txoko honen portadara idatzizko ekarpentxoekin. Laurehun idazki txiki izan dira, pretentsio handi gabeak,  tabernaren batean goizeko lehen kafea hartzen dudan bitartean izkiriatuta.  Telefono mugikorra erabiltzen dut normalean,  oso tramankulu erosoa baitaukat instanteko gomutak islatzeko. 

Modu ez egokian deitutako klase pasibora igarotzearekin batera ekin nion blogeko abentura berriari eta duela zazpi urte nire baitan iragarri nuen baino  emaitza hobea izan dela esango nuke. Behintzat,  liburuen eta paperezko albistarien bitartez inoiz ez sentitutako irakurleen presentzia igarri dut lineako edizioan. Eta hori, irakurlearen erreakzioa aldeko ala kontrakoa bada ere, eskertzekoa dugu idazleok, norbaitek irakurri egin dizula adierazten baitu. Gutxi ez dena. 

Galdera bat gaurko hau idazten amaitu baino lehentxeago: zergatik nire herriko tabernetako telebista aparailuek, Tele5 edo TVE-1en irudiekin zigortzen gaituzte etengabe? Gure deskonexioa hortik has liteke, ezta?

lunes, 13 de noviembre de 2017

OINEKIN IBILI



Nork bere oinek daramaten ibilbidetik barrena egitea ariketa osasuntsutzat daukat, batez ere buruarentzat. Etxetik atera baino lehen ibilbidea markatuta edukitzeak seguritatea eman diezaioke protagonistari baina, frogatua daukat, emozio puntu bat kentzen dio abenturari. Behintzat niri sarritan gertatu zait etxera "bidai programatu" horietako batetik itzuli eta barne satisfakzioaren maila txikiagoa izan, gero eta usuagoak ditudan ibilaldi anarko samarretatik iristean baino. 

Izpirituari ahalik eta askatasunik handiena eskaini behar zaio. Bestela ez litzateke izpiritu izango, edozein suzedaneo kaskarra baizik. Itotzen gaituzten hainbat eta hainbat kortse sozial, ekonomiko, kultural edota erlijioso behingoz popatik hartzera botatzea derrigorrezkotzat daukat nire burua zeharo automata bihur ez dakidan. 

Interesgarria da edozeinentzat lantzean behin bizitzan barrena norabiderik gabe egitea, garrantzitsuena ez baita iristea baizik iristeko ahaleginean zer bideak erabili dituzun ezagutzea.

Argazkia: JMVM

lunes, 6 de noviembre de 2017

ITZULPEN MONUMENTALA



Ehun urte betetzen dira frantsesen kontrako azken gerratean Gasteizen izandako bataila gogoratzen digun monumentua eraiki zenetik. 1813-1917-2017 horratx daten katea, eta efemeridea. Eraiki idatzi dut eta ez inauguratu, izan ere nik dakidanez behintzat inauguratu ez delako. Baina hori ez da gaurko idazkiño honen zioa, azken finean berdina baita bedeinkazio erlijioso edota zibilaren tantekin zipriztinduta egotea ala ez; balioa bere adierazpenean datza-eta.  Oraingo kasu honetan, ordea, hausnarketak ez nau monumentuak adieraz dezakeenaren gaineko bide bihurrietatik barrena abiarazi. Beraz? 

Aipatu monumentua helburu hartuta, "Guía didáctica" deritzan liburuxka argitaratu da Arabako hiriburuan. Hamabost orrialdetan zehar irakurleak ideia zehatzak eduki ditzake - gazteleraz irakurtzen badu- 1917tik Andra Mari Zuriaren plazan dagoen Gabriel Borrasen obrari buruz. 

Ulertzen ez dudana da, nola arraio baimendu duten liburuxkaren beste hamabost orrialdetan euskarazko bertsio negargarria publikatzea. Ez naiz gehiegikeriatan ari. Gida didaktikoa? Euskaldunon adimenari iseka egin zaio. 

"1917ko abuztuaren 4tik bere hernia ohoratzeko eraikitako monumentua andre zuriaren plazan, arabako Miguel Ricardo, gertaera garrantzitsuenaren oroipena betikotzen duen momentuan gertatu zen hirian eta bere ingurunean, gasteizko gudan. Hiriguneko kokapenak bihurtzen du funts bezala andre zuriaren horma-hobiarekin san miguel-en elizako arkupea duen benetako posta-txartelarekin" 

Ulertu al du irakurleak ezer? Nondik nora doan antzemateko, “Guía didáctica”ra jo behar da. Bada, hori: iseka.

Argazkia: 1917ko abuztuaren 4ko "La Libertad" egunkaritik hartuta.

lunes, 30 de octubre de 2017

BERROGEITA HAMAR URTEREN BURUAN



Duela berrogeita hamar urte sortu zen Los Amis musika taldea, Donostian. Ez dut uste pop munduko musikaren gaineko inongo entziklopediatan agertuko denik donostiarren izena, baina primeran etorri zait efemeridea atzera begirada bat egiteko eta "gaurkoak bailiran" orduko uneak gogoratzeko. 

Los Amisekin batera abiatu ginen modernitatearen bidetik Donostiako espazio hertsian, modernitate dei badakioke EUTGko unibertsitate-ortutxoko giroari. Bertan jarri genuen gure aurreneko hazia, zein fruitu emango ote zuen jakin gabe,  begi zabalik egon arren ezer gutxi antzeman baikenezakeen gizartearen berezko iluntasun hartan. "Che" Guevara hil berria zen, jeneral diktadoreak osasuntsu segitzen zuen bitartean.  Liskar sozialak eguneroko ogia genituen, medioak haien garrantzia ezkutatzen saiatzen ziren bitartean. Bortizkeria politikoa handitzen zihoan euskal esparruan, egunez egun, batzuetan eragile aktiboak izan arren gehienetan beldurrak paralizatuta uzten gintuela, espektadore hutsak bihurtuta.  Zurrunbilo hartan Los Amisek otoitzerako deia egiten ziguten, edota Vietnamgo gerra deitoratzera. 

Ikaskideak nituen Eduardo Moreno, Paco Vicente, Luis Escalante eta Eduardo Ortuzar amiskideak. Haiek aurki gitarrak utzi eta ibilbide desberdinak -eta hain desberdinak!- hautatu zituzten euren bizitza proiektuetarako. Gainerakook egin genuen bezala. Orain begiak zabaltzen ditut eta diktadoreak ikusten ditut, eta liskar sozialak, eta gerrak, eta bortizkeria politikoa… eta konturatzen naiz otoitz egiteari ere utzi diodala.

Argazkia: JMVM

lunes, 23 de octubre de 2017

UNZUETA-RAXOI. BI MODELO DESBERDIN



Oso omenaldi hunkigarria bizi izan genuen atzo eguerdian Aramaion. Julian Unzueta alkate ohia Herriko Seme Kuttun izendatu zen eta ideologia diferentetako lagun pilo bat elkartu ginen Udaletxera, Juliani gure miresmen eta txalo beroa eskaintzeko. Julianen ibilbide publikoa, aramaioar eta arabar gizarteari emana, 1972an hasi zen, frankismoaren zurrunbilo beltzeko garaian, eta bere dohainei esker alde bateko eta besteko interlokutoreekin jakin izan zuen aurrera egiten. Julianen praxis politikoa elkarrizketa eta elkarrekiko begirunearen modeloan oinarritu zen.


Dirudienez, modelo hori ez da Mariano Raxoiren gustukoa. Azken hilabeteotan argi eta garbi erakutsi du nahiago duela konfrontazio gordinaren bidea solasaldi desaktibatzailearena baino. Eta jarrera horrek azalean jarri du politiko askoren hipokresia higuingarria, lehengo "armarik gabe guztia negozia daiteke" ospetsu hartatik gaurko "armekin kenduko dizut nik zuri negoziatzeko gogoa" pasatu baitira.

Txarrena da Raxoiren modeloa, osmosi efektuarengatik, hiritargo espainiarrean ari dela nagusitzen. Ni Julianenaren aldekoa naiz, oraindik ez baitut gizakiengan esperantza galdu.

Argazkia: JMVM